Lorea Flores.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN

Energia garbia denontzat

2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Erregai fosilen kontsumoa da klima aldaketaren arrazoi nagusia. Gaur egun, ordea, erregai horiekiko menpekotasun handia izaten jarraitzen dugu, eta energia nuklearraren amaiera atzeratzen ari da, energia iturri horiek ingurumenarentzat eta pertsonentzat izugarri kaltegarriak izan arren. Honi gehitu behar zaio egungo sistema energetikoan enpresa handien oligopolioa dela nagusi, eta, horiek irabazi handiak lortzen dituzten bitartean, pertsona anitz pobrezia energetiko egoeran bizi direla. Horrek guztiak adierazten digu energia berriztagarrietan oinarritutako sistema energetiko demokratikoago eta bidezkoago baterantz aldatzeko premia larria dagoela.

Pandemia garaian, Espainiako Estatuko energia eskaria %20 jaitsi da. Gainera, energia berriztagarri gehiago sartu da, maximo historikoak lortuz, eta, ondorioz, elektrizitatearen handizkako merkatuaren prezioa %65 jaitsi da. Hala ere, egungo sistemaren arauengatik, herritar gehienen fakturan ez da prezioaren beherakada hori nabaritu, baina komertzializatzaileek beren diru sarrerak handitu ahal izan dituzte. Hori dena gertatzen da normalean eskaintza gehienak merkaturatzaileak urtean behin ezarritako prezioan oinarritzen direlako, handizkako merkatuko ordutegiaren arabera aldatu beharrean.

Euskal Herrian ere ez gaude salbu. Nafarroan egoera ez da hain txarra, energia berriztagarrien sorrera eskari osoaren % 85 baita, baina oraindik ere trantsizio energetiko oso bat lortzeko oztopoak daude, Castejongo zentral termikoa kasurako. Euskadiko egoera askoz okerragoa da: energia berriztagarriekin asetako elektrizitate eskaria %6,4 baino ez da, eta, hortaz, erregai fosilekiko menpekotasun handia dago. Baina, horrez gain, Petronor ere badugu, inportazioko erregai fosilak eraldatzeko industria, eta oztopo handia lurraldearen trantsizio energetikorako.

Petronorren findegia eraldatzeko planen berri eman du Repsolek, instalazioan sortzen diren CO2 emisioen zati bat harrapatuz erregai sintetikoak sortzeko. Baina jarduera berri horrek ez ditu konponduko Euskadik energia gaietan dituen arazoak. Ez produktuagatik beragatik, erregai sintetikoak aukera bat izan baitaitezke zenbait sektorerentzat, hala nola abiazioarentzat, non elektrifikazioa oraindik konplikatua baita. Baizik eta erregai sintetikoa sortzeko CO2a atzemateko erregai fosilen findegia martxan eduki behar bada, proiektu berri horrek Petronor zuritzeko koartada berde berri bat baino ez bailuke ekarriko.

Horren aurrean, eta sistema energetikoaren benetako eraldaketaren beharraren aurrean berau berriztagarria eta demokratikoa izan dadin, Euskal Herriko alderdi politiko nagusiei eskari bat egin nahiko nieke: energia enpresa handieninteresei men egiteari utz diezaioten —hala nola Repsol eta Iberdrola—, eta herritar guztien interes komunak erdigunean jartzen has daitezen, energia sorkuntzan, autokontsumoan, metaketan, erabilera partekatuan eta eskariaren kudeaketan parte hartze aktiboa bultzatuz. Euskal Herriko kooperatiben ohiturak ahalbidetu beharko luke herritarren ekimen energetikoak eta energia komunitateak bizkorrago zabaltzea. Ezin dugu utzi enpresa handiek, gure bizitza eta planetaren kontura, beren poltsikoak betetzen eta beren nahierara sistema energetikoa menderatzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.