Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Emakumeak zientzian

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Zientzialari profesionala izatea oso gogorra da gaur egun. Zoritxarrez, prekaritateak jotako lanbidea da zientzialariena munduan zehar: merituen azpitik dauden soldatak, ziurgabetasun konstantea eta egonkortasun falta gehienen eguneroko bilakatu dira. Ez dira gutxi zientzialari izateari utzi diotenak egoera gordina dela eta. Talentuaren galera zientziarentzat ez ezik, gizarte osoarentzat da arazo larria. Beste ogibide askotan gertatzen den bezala, emakumeek are eta egoera gordinagoa dute. Datuen arabera, maila akademikoa gorantz doan heinean, emakumeen proportzioa beherantz joaten da. Badirudi zientziaren mundu profesionala emakumeak uxatzeko eginda dagoela. Eta hori ez da kasualitatea.

Hasteko, gure gizarteak ez ditu emakumeak zientzialari gisa ikusten. Oso txikitatik neskei zientzia eta teknologia mutilen kontua direla erakusten diegu, nahi gabe bada ere. Neskentzat beste lanbide batzuk egokiagoak direla transmititzen dugu: erizaina, idazkari ala abeslaria neskentzat egokiak dira, baina ingeniaria, programatzailea ala mekanikaria ez. Zergatik? Ziur aski galdera horri erantzuteko zutabe hau oso labur geratuko litzateke. Kontua da emakumeak gizonak bezain egokiak direla zientzia eta teknologiaren munduan lan egiteko, eta, beraz, emakumeak baztertzen dituen sistema, bidegabea ez ezik, itsua ere bada, talentua alboratzen baitu.

Gai horiei buruz pentsatzen dudanean Hedy Lamarr-en irudia datorkit burura. Nolabait, hark oso ongi uztartzen ditu gizarteak espero duena eta norberak lor dezakeena pertsona bakar batean. Ez baduzue bere bizitza ezagutzen, benetan diotsuet, edozein film ala libururentzat oinarri bikaina izango litzateke. Bizitza harrigarria izan zuen, emakume harrigarria baitzen. Hedy Lamarr aktore bezala egin zen ospetsu. Gizarteak emakume batentzat egoki ikusten zuen ogibidea. Ez da hain ezaguna, ordea, Hedy Lamarr ingeniaria ere bazela. Oso txikitatik nabarmendu omen zen bere adimena zela eta. 16 urterekin hasi zen ingeniaritza ikasten, baina zinemarekiko zuen grinari jarraituz, ikasketak utzi zituen. Bizitzak sorpresa asko izaten ditu, ordea. Bere borondatearen aurka, Friedrich Mandl armaginarekin ezkondu zen, 1933an. Mandl, Mussolini eta Hitlerren laguna izateaz gain, oso pertsona jeloskorra zen. Emazteari ez zion utzi gehiago zineman lan egiten, bizi ziren etxea espetxe bilakatuz. Gatibualdi hura ingeniaritza ikasketak osatzeko baliatu zuen. Eta bere senarrak naziekin izaten zituen afariak armei buruz ikasteko aprobetxatu zituen. 1937. urtean, azkenean, ospa egin zuen bere espetxetik, Estatu Batuetara joateko. Han, aktore lanak berreskuratzeaz gain, gobernuarekin partekatu zuen nazien armei buruz zekien guztia. Hori gutxi ez, eta gaur egungo haririk gabeko komunikazioen oinarrizko teknologia garatu zuen. Beste hitz batzuetan, ez genuke wifi-rik izango Hedy Lamarr-en lanik gabe.

Zientzia eta teknologiaren historian badaude beste emakume harrigarri asko: Ada Byron, Marie Curie, Dorothy Vaughan, Jocelyn Bell eta Ada Yonath, esaterako. Baina ez dute ikusgarritasunik. Nahiz eta ekarpen oso garrantzitsuak egin dituzten beraien arloetan, gutxietsi egin ditugu gure hezkuntzan eta formakuntzan. Emakumeak baitira. Ondorioz, zientzia grina zapuztu egiten diegu milaka eta milaka neskatori. Horregatik, aste berezi honetan ez ezik, egunero aldarrikatu behar dugu emakumeek zientzian duten eta izango duten tokia. Gurean badira egitasmo interesgarri batzuk neskatoak zientzia mundura erakartzeko. Adibidez, Deustuko Unibertsitateak bultzatzen duen Inspira proiektua, Innobasque eta Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin eta hiru aldundien diru laguntzarekin. Asko aurreratu badugu ere azken hamarkadetan, oraindik ere berdintasunik gabeko gizarte batean bizi gara. Darraigun, beraz, lanean, bai mutilei bai neskei aukera berdinak emanez. Inoren ametsak eta grinak zapuztu gabe bere sexua aitzakiatzat hartuta.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.