ARGI ALDIAN

Emakume zientzialariok, planto!

Izortze Santin.
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Izan bagara, eta asko gainera, zientzian lanean buru-belarri dihardugun emakumeak. Ez gara lehenengoak, ezta azkenak izango ere, baina historiaren momentu honetan, gure ardura da etorkizunean etorriko diren emakume zientzialariei bidea erraztea, eta aurretik egon direnen lorpen zientifikoak gizarteratzea. Izan zirelako gara, eta garelako, izango dira.

Zientziaren munduan, beste arlo askotan bezala, emakumeoi bigarren plano batean egotera behartu gaituzte maiz. Historian zehar, ugariak izan dira emakume zientzialariek egindako ekarpen zientifikoak, askotan merezimenduak gizonei aitortu bazaizkie ere. Horren adibide dugu Rosalind Franklin, 1920. urtean Ingalaterran jaiotako biofisikari eta kristalografoa. Ikertzaile honek X-izpien difrakzioaren bidez lortutako DNAren argazkiari esker, bere lankide ziren Watson eta Crick ikertzaileek DNAren helize bikoitzaren egitura proposatu zuten, eta baita 1962. urtean Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria irabazi ere. Rosalind-ek ez zuen saririk jaso, ordurako hilda baitzegoen, baina, gainera, bere lankideek ez zuten sekula onartu Rosalind-ek beraien lanari egindako ekarpena erabakigarria.

Urteetan zehar, emakumeak kalitatezko ikerkuntza egiteko gai garela erakutsi dugun arren, zientziaren munduan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errealitate izatetik urrun dago. Estatu Batuetako Zientziarako Fundazio Nazionalaren arabera, bertako doktore diren emakume ikertzaileen soldata haien kide gizonezkoena baino %24 baxuagoa da zientzia arlo guztietan. Europan ere, gizon eta emakume ikertzaileen arteko soldata-arraila ohikoa da herrialde gehienetan. 11 de Febrero deituriko ekimenaren arabera, Espainiako estatuan karrera zientifikoaren hasieran dauden gizon eta emakumeen soldata antzekoa bada ere, lan-esperientzia handitu ahala, soldata-erraila nabarmenki handitzen da.

Bestalde, ekimen honek ezagutzera eman duen azken informearen arabera, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluan formakuntzan dauden emakume ikertzaileen kopurua gizonena baino handiagoa bada ere, ikertzaile nagusi gisa diharduten emakumeen portzentajea %33koa besterik ez da.

Etxekoari erreparatuz, zientziaren munduko berdintasunari dagokionez ere, Espainiako estatuan oasia izatetik urrun gaude. Adibide gisa, hemen ditugun ikerkuntza zentroen zuzendaritzei begirada bat botaz gero, kasu gehienetan zuzendari lanetan gizonezkoak aurkituko ditugu.

Zientzia munduan, beste arlo askotan legez, emakumeok sistema patriarkalaren eragina pairatzen dugu. Rosalind Franklin bezalako puntako ikertzaileak izanagatik, zientzia liburuetan agertu ez diren ehunka emakumeengatik, martxoaren 8an emakume zientzialariok ere planto!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.