Koronabirusaren positiboekin bat, ijitoen kontrako adierazpen arrazistek gora egin dute azken hilabeteetan. Hala salatu du Espainiako Berdintasun Ministerioaren mende dagoen Arraza edo Etnia Diskriminazioaren Ezabaketarako Kontseiluak, besteak beste. «Kutsadura fokuen eta birusaren transmisioaren errudunak izatea leporatu digute, baita arauak ez betetzea ere. Farmazia batetan sartu, zu ikusi, eta baztertu egiten da jendea...», esan dit Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko (Amuge) kide batek.
Une honetan, egoera zaurgarriago batean dauden bidelagunekin birusa grinatu dela argi geratu beharko litzateke, eta ijito herriarekin, modu bikoitzean, arrazaren osagaiarengatik.
Espainian Idazkaritza Ijitoaren Fundazioak egindako inkestaren arabera, berrogeialdiaren ondorioz %40k arazoak izan dituzte behar bezala elikatzeko; krisia baino lehen langabezian zeuden komunitateko kideen %64k pairatzen zuten zaurgarritasun egoera areagotu egin da; halaber, eten digitala dela eta, ikasten ari direnen %30ek arazoak izan dituzte edo ezin izan dituzte ikastetxeetatik bidali dituzten ikasmaterialak aprobetxatu. Egoera horretan ama arrazializatuek jasan dituzten zailtasunak azpimarratu dituzte ijitoen elkarteek: etxeko zereginek gogaituta, askotan euren ahalbideetatik at dauden eskola-lanetan lagundu behar izan dute. Komunitateak pairatutako desparekotasun hori «arrazakeria arrakala» gisara definitu dute zenbait eragilek.
Argigarria da saltoki handietan eta azoka txikietan ezarritako murrizketen artean egondako aldea ere. Ohiko dendetan edukierari mugak jartzen zizkioten bitartean, azoka txikietan postuen zenbatekoa murrizteko erabakia hartu zen. Bilbon, non azoka txikien postuen gehiengo handi bat ijitoenak baitira, %25 era. Irtenbide horrek plaza bakoitzean hilean behin lan egitera derrigortzen zituen. Baina ezinezkoa egiten zen hilean behin lan egitea eta hilabete osoaren tasak ordaintzea aldi berean. Gainera, «guztiok ala inork ez» lelopean elkartu ziren saltzaileak.
Neurrien arteko bereizketa hori sistema kapitalista, klasista eta arrazista baten intersekzioaren ondorioz izan dela salatu dute Amugekoek. Izan ere, erabakiok XI. legegintzaldirako Ijito Herriarekiko Euskal Estrategiak, zeinak Ijito Herriaren erabateko sustapena eta parte-hartze soziala lortzea bilatzen baitu, aurreikusten dituen helburuen kontra egiten dutela esan dezakegu. Eta, bereziki, emakume ijitoen parte-hartze sozialaren kontra. Izan ere, komunitateak bizi duen diskriminazio bikoitzari (klasea eta arraza) hirugarren ardatz bat gehitu behar diote emakume hauek: generoarena.
Nahiz eta gaur egun emakume ijitoak lanpostu ezberdinetan aritzen diren, askok dute azoka txikietako postuetan beraien diru iturri nagusia. Eta ez bakarrik hori: taldearen oinarrizko ekonomiarekin sortutako harremanak sozializaziorako bide nagusi bat bihurtu dituzte, hala nola emakumeen arteko elkartasun eta babes sareen eraketarako eremu apartak dira. Saltzaile moduan lan egiten hasi ziren emakume ijitoak gerora etorri diren belaunaldientzako giltzarria bihurtu ziren: alabak ikasi, trebatu, eta helduago ezkontzea sustatu duten emakumeak dira. Azokara joan gabe, ogibideaz aparte, sozializaziorako aukera hori galdudute.
Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN
Emakume ijitoak plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu