Abian den bake prozesuan errotik sinesten du Filipe Bidart militante abertzaleak (Baigorri, 1953). Oinarrian elkarlana eta elkartasuna duen prozesu horrek gatazkaren konponketa ekarriko duela dio: «Elkartasun horrek zigun borroka armatuaren garaian indarra ematen; horri esker dugu iraun presondegietan, eta horri esker ditugu preso guztiak askatuko eta Euskal Herria eraikiko».
Maiatz bukaeran ukan zenuen Euskal Herrira itzultzeko baimena. Nola doa bizia Baigorri aldean?
Herritik partitzen diren edota herritik kanpo gelditu diren guztientzat bezala, amets bat da erroetara berriz itzultzea, eta, gauzatzen delarik, sentimendu berezi bat pizten da. Aspalditik herrira berriz jitekoa nintzen, eta, azkenean, eman zidaten baimena. Beti kontrolpean naiz, 2014 arte. Dudak zituzten Baigorrira itzultzeari buruz, baina herritarrekin ez da batere arazorik. Biziki kontent naiz hemen, nire mendien artean, herritarren artean... Adiskide zaharrak berriz atzematen ditut, eta belaunaldi berrien ezagutza egiten ari naiz, nor noren haurra den, zein etxetakoa den...
1988an preso sartu zintuzten, eta 2007an askatu, baldintzapean. 25 urte pasatu behar izan dituzu Euskal Herritik kanpo. Zer aldatu da mende laurden batez?
Bistan da aldaketak badirela, etani ere aldatu naiz, zahartu gara puska bat... Adin kontua da, denbora pasatu da, eta belaunaldi berriak hor dira. Bada gazteria ederra, euskalduna eta mugitzen dena, eta hori da aldaketa handiena, baikorrena eta esperantzazkoena. Ondoko belaunaldiek lekukoa hartzea eta euskaltasun hori aitzina eramatea genuen helburu, eta hori gauzatzen ari dira. Lanari eta borrokari esker, kontzientzietan egin da sekulako aitzinamendua, eta hori biziki baikorra da. Emandako lan eta indar guztiak justifikatzen ditu. Arazo franko gelditzen da oraino, anitz bada egiteko, baina neurtzen dut egin izan den bidea. Aitzinamendu anitz bada, bereziki kontzientzian, eta hori orokorra da, ez da bakarrik abertzale ingurukoen artean sentitzen.
Ipar Euskal Herriarentzat autonomia eskatu du Iparretarrak erakundeak. Zer bilakaera izan du eskakizun horrek, eta gaur egun zer-nolako garrantzia du?
IKren eskakizuna autonomia da, baina autonomia lehen urrats gisa, askatasunaren bidean. Gure azken helburua ez da autonomia, baizik eta askatasuna. Euskal Herriaren ezagupena, autodeterminazioa eta, hitz batez erraiteko, askatasuna. Laurogeigarren hamarkadan, autonomia pausatu genuen lehen urrats gisa, iruditzen zitzaigulako Euskal Herriak bere etorkizuna segurtatzeko,Ipar Euskal Herriaren autonomiaurrats funtsezkoa zela. Erkidegoan eta Nafarroa Garaian beren autonomia bazuten, eta Ipar Euskal Herriak deus. Garai hartan genituen eskaera guztiak biltzeko eskakizun orokor gisa pausatu genuen, halaber, autonomia. Gaur egun, uste dut Ipar Euskal Herriko abertzale gehienek onartzen eta berenganatzen dutela eskakizun hori. Autonomia hitza ez dute erabiltzen, arrasta psikologiko edo historiko batzuk badirelako, baina kontzeptua bera onartzen dute abertzale guztiek, eta ez bakarrik ezkerrekoek. Orain, ezagupen instituzionalaren eskakizunari buruz, berrikuntza bat bada. Abertzaleek diote autonomia edo lurralde elkargo autonomoa beharrezkoa dela, baina maila apalago bat lukeen instituzio baten alde borrokatzeko prest direla. Hau lurralde elkargo berezia da, eta horren aldekoekin lan egiteko prest dira. Guk autonomia lehen urrats gisa pausatzen genuen, baina iduriz gaur egun bigarren urratsa lirateke, lehena delarik lurralde elkargo berezia. Ipar Euskal Herriak instituzioa ukaitea da lurralde elkargoaren interesa. Gero hortik hara, instituzio horretan lan eta borrokatzen ahalko gara eskumen gehiago biltzeko eta autonomia eta askatasunari buruz joateko. Horretan gara, eta biziki baikorra iruditzen zait.
Hain zuzen, Ipar Euskal Herriaren ezagupena geroz eta hautetsi gehiagok dute galdatzen, eta abertzale eremutik harago doa. Zure ustez, zerk ekarri du bilakaera hori?
Ez dut esplikaziorik, baina erran dezakedan gauza bakarra da hautetsiak direla eta sentitzen dutela iritzi publikoa, airean diren ideiak. Iduriz, emeki-emeki, batzuk, nahiz abertzale ez izan eskakizun horri buruz doaz. Horretaratu dira bozkatzaileei begira beharrezkoa iruditu baitzaie horrelako postura bat hartzea, erakusteko herriaren interesa ere badutela. Haatik, erran behar da pertsonalki mintzo direla eta ez alderdi gisa. Traba eta arrasta franko izanen dituzte haien alderdietan, ez direlako denak ados jarrera horri begira. Ez da baztertu behar batzuen partetik kalkulu politikoak badirela, ez dugu itsu izan behar. Hainbeste hautetsi euskal instituzio berezi baten alde mintzo... bada zerbait, eta sentitzen dudan kontzientzia indartze horri lotzen diot. Duela 30- 40 urte bakar batzuk ginen Euskal Herriko arazoez ohartzen, beste aterabide batzuk proposatzen ari, eta gorri, bortitz eta terrorista batzuentzat hartuak ginen. Baina, emeki-emeki, ideia horiekbide egin dute, eta herritartzen, gizarteratzen ari dira.
Udazkenean eramanen du Hautetsien Kontseiluak gobernantza proposamen bat Parisera. Baikor zara?
Alde horretarik ez dut ilusiorik egiten. Parisek arrastak emanen ditu, eta hasiak dira batzuk, bereziki sozialistak, Hautetsien Kontseiluaren biltzar nagusia aitzin, hautetsiek ez dezaten lurralde elkargo bereziaren alde bozka. Sozialista batzuk pertsonalki agertzen dira alde, baina Alderdi Sozialistan badira jakobino handiak, eta horiek ez dute deus onartu nahiko. Oztopoak, trabak, zailtasunak izanen dira, eta beharko da Paris behartzeko modu bat atzeman. Baina etapak erre gabe, biziki garrantzitsua da Hautetsien Kontseiluan gehiengo bat Ipar Euskal Herriarentzako instituzio berezi baten alde agertzea, horrek emanen diolako gure eskakizunari sekulako indarra eta legitimitatea. Argumentu bat gehiago izanen dugu borroka aitzina segitzeko eta Ipar Euskal Herriko jendartea horretara ekarrarazteko. Azkenean, helburua hori delako, Euskal Herria eraikiko dugu euskaldunekin eta Euskal Herrian bizi diren guztiekin. Gehiengo bat baldin bada horren alde, goiz ala berant, Parisek amore eman beharko du. Hala ere, ez dut ilusiorik egiten, segur da Paris kontra izanen dela eta Pays gisako itxurazko zerbait proposatuko dutela, ezin onartuzko gauza bat.
Bake prozesua abian da. Alde bakarreko pausoak eman dira, eta estrategia armatua bazterturik da. Zer diozu pauso horiez?
Hastapenetik sostengatu dut prozesu hori, bide egokiena baita gaur egun. Ipar Euskal Herrian, IKrekin bide hori hartu izan genuen duela hamar bat urte, estrategia aldatu genuen, borroka armatua bazterrean utziz eta indarra eginez ezker abertzale mugimendua berrantolatzeari buruz. Abertzaleen Batasuna, garaian hauteskundeetarako koalizio bat zena, mugimendu politiko bilakatu genuen. Nola Hego Euskal Herrian borroka armatuak segitzen zuen, horrek traba batzuk ekarri zituen, eta mezua ez zen argia, zatiketak sortu ziren. Hego Euskal Herrian ere badu zenbait urte abiatua dela, izan dira entsegu batzuk su-etenak pausatuz, eta orduan jadanik su-etenak sostengatzen genituen. Kasik hamar urte horietan ETA ari da borroka armatutik atera nahian. Lehenik su-etenak pausatuz eta negoziaketa zuzenak galdetuz, baina ohartu dira bide hori ez zela egokia, Espainiako Estatuak ez baitzuen negoziaziorik eraman nahi erakundearekin. Beraz, beste gisan pausatu dute, alde bakarretik baztertuz borroka armatuaren estrategia eta baldintzarik pausatu gabe. Estrategia aldatuz indarrak biltzea, indarrak bilduz jendartea mugiaraztea eta gizartea mugiaraziz Madrili eta Parisi amore emanaraztea da estrategia aldaketaren helburua, interesa eta motorra. Pazientzia franko beharko da, baina hori da bide egokia, eta horrela ditugu aterabideak atzemanen eta eskakizunak erdietsiko. Elkartasun horrek zigun borroka armatuaren garaian indarra ematen, horri esker dugu iraun presondegietan eta horri esker ditugu preso guztiak askatuko eta Euskal Herria eraikiko. Gure armarik indartsuena eta handienahori da. Etsaiek ez dituzte armak utzi, segitzen dute betiko errepresioarekin, baina elkartasunari esker irabaziko dugu, eta horrek beldurra ematen die bai frantsesei bai espainolei.
Laster urte bat beteko du Aieteko adierazpenak. Lehen puntua bakarrik bete da. Nola mugiaraz daitezkeParis eta Madril?
Nazioarteko presioa biziki garrantzitsua eta beharrezkoa da, kanpotik ere Frantziako eta Espainiako estatuei presio egiteko. Baina premiatsuena Euskal Herrian berean euskal gizartea zerbait gisa mugiaraztea edo hobeki erran, mugitzea da, ez duelako inork mugiaraziko, mugituko daohartuko delarik eta ari da ohartzen. Euskal gizartearen mugimendu horri esker gara aitzinatuko. Gehiengo bat agertzen baldin bada eskakizunen alde eta lehenik euskal preso guztien askatzearen alde, estatuek amore eman beharko dute. Amnistia eskatzen segitu behar dugu, jakinez ez dutela berehala emanen, baina helburu hori behar dugu atxiki, hori urrats garrantzitsua izanen baita prozesua indartzeko eta segitzeko. Nazioarteko presioa bakarrik baldin bada, herrian berean indar harreman bat pausatu gabe, nazioarteak ez du indar aski ukanen.
Josu Uribetxebarriaren kasua esanguratsua da. Elkartasuna antolatu da karriketan eta presondegietan. Kartzela barneko elkartasun hori ezagutu zenuen zuk ere.
Bizi izan dut presondegi denbora guztian. Elkartasuna gure arma indartsuena dela diot, eta kanpotik sentitzen dugun elkartasunak sekulako indarra ematen digu, baina barnean ere gauzatzen dugu elkartasuna. Horrentzat gaituzte ere barreiatu talde ttipietan, eta ahal badute bakartasunean ezarri. Baina, hala ere, elkartasun hori indarrean eman ahal izan dugu, eta horren beldurra dute. Presondegietan elkartasun hori automatikoa da; preso bat hunkitzen badute, denak mugitzen dira. Frantses presondegietan behintzat, denak euskaldun gisa ezagutuak gara; ez da ez frantsesik ez espainolik, euskaldunak gara. Ez da inon ofizialki idatzia, baina nor garen badakite. Horrekin ez gara kontent, baina elkartasun horrek barnean ematen duen indarra erakusten du, eta etsaiari buruz gogor atxikitzeko lagungarri da. Ikusiz elkartasunari esker irabaziriko garaipen txikiak, horrek erranarazten dit kanpoan ere gauzak irabaziko ditugula elkartasunari esker.
ABren bulegoan zara. Ezkerreko alderdi abertzaleen arteko elkarlana garatuz doa, eta estrategia nazional bat ere baduzue adosturik.
Aitzina doa. Alderdi guztiak ados dira elkarrekin aritzeko eta Euskal Herriaren eraikitzeari buruz joateko elkarrekin. Hegoaldetik iparraldeari buruz duten ikuspegia da gauza berria, nire iduriko. Ipar Euskal Herriaren berezitasuna onartzen eta kontuan hartzen dute, Nafarroa Garaikoa onartzen duten bezala. Hori biziki garrantzitsua da, eta, alde horretarik, baikor naiz, biziki izpiritu ona, baikorra eta sanoa delako. Aitzinatuko gara, eta atzeman behar dugu metodologia egokiena elkarrekin lanean eta borrokan aritzeko. Estrategia berrian gara bete-betean, eta hor ez da gibelera egitekorik, aitzina segituko dugu bide berriak urratuz. Bide horretan, Ipar Euskal Herriko mugimendu ezkertiar eta abertzalea berrantolatzea eta indartzea beharrezkoa da. Gure mugimendua osatu behar dugu, Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleak boz batez mintza daitezen Hego Euskal Herriarekin. Diren alderdi eta iritzi taldeak atxiki beharko dira, aniztasun hori behar delako landu, hortik sortuko direlako ideia berriak. Gisa horretan dute jendeek parte hartuko, badakitelako haien iritziak kontuan hartuak izanen direla. Egiazko demokrazia parte hartzailea asmatu eta eraiki behar dugu gure artean.
Filipe Bidart. Militante abertzalea eta IK-ko preso ohia
«Elkartasuna da gure armarik indartsuena eta handiena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu