Oraintxe arte, behintzat, EAEko hurrengo hauteskundeetarako kanpainak ez ditu bildu bakea eta bizikidetza bere gai nagusien artean. Orain arte sekula gertatu gabekoa da, aurreko deialdi guztietan auzi horixe baitzuten eztabaidagai politiko nagusietako bat. Salbuespen bakarra izan da: Arnaldo Otegiren inhabilitazio bidegabea. Iraganeko behaztopa harri gisa agertu da, ahalegin moduko bat euskal gizarteari eragozteko hauteskunde erabat parte hartzaile batzuk, non edozein pertsonak eskubidea duen bere ordezkariak hautatzeko inolako eragozpenik eta trabarik gabe.
Asko aldatu da euskal gizartea duela ia bost urte ETAk iragarri zuenetik amaitua zuela indarkeria. Izan du alde onik, zorionez: ez dela gertatu, hain zuzen ere, gerta zitekeenik. Zoritxar igarle batzuen iragarpenak gorabehera —beste sasitregoatzat jo zuten 2011ko iragarpena—, amaitua da ETAren indarkeria. Horrez gainera, ezker abertzaleak legez parte hartu ahal izan du jardun politikoan.
Bizikidetza sendotzeko legegintzaldia behar du izan hurrengoak, iraganean gertatua berriro ez gertatzeko baldintzetan aurrera egiteko helburua izango duena. Alde horretatik, indartsu ageri dira lanerako hiru alor nagusi: ETAren armagabetzea eta desegitea, preso dauden pertsonak berriro gizarteratzea, eta bizikidetza eta memoria.
ETA armagabetzeari eta desegiteari dagokionez, armak zigilatzen hasiak zirela iragarri zutenez geroztik, apenas iritsi zaien berri handirik euskal herritarrei. Ulertzekoa da, Espainiako Gobernuak horretarako oztopoak baino ez dituelako jarri, baina ezin eutsizkoa da luzaroan. Halako prozesuek, funtzionatuko badute, emaitza argiak eskaini behar dizkiote gizarteari. Horregatik, ezinbestekoa da alternatiba bat izatea. Bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Foro Sozialak bake prozesua bukatzeko proposamen bana aurkeztu dute. Bada oinarririk eta mamirik, beraz, bake prozesuaren fase berria hasteari buruzko adostasun zabal baterako, baita Espainiako Gobernuaren lankidetzarik gabe ere.
Preso dauden pertsonen egoerari dagokionez, salbuespen bakan batzuetan izan ezik —Parot doktrina indargabetu zutenean—, bere hartan aldagaitz dirau, eta, oraindik ere, horixe da arlo nagusietako bat non giza eskubide oinarrizkoak urratzen diren: esaterako, kartzela zigorra gizartearen eta familiakoen ingurune hurbil batean bete ahal izatea. Jarduteko eragozpenak direla bide, EAEk ez baitu horretarako eskumenik, komeni da hurrengo Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak adostea plan integral bat, behinik behin, bere esku dagoen guztia egin dezan, tokian-tokian zein nazioartean, eta egoera alda dadin edo haren ondorioak arinagoak izan daitezen.
Memoriari eta bizikidetzari dagokionez, hurrengo legegintzaldiak ahalegin berri bat behar du izan, adostasun zabal bat lortu eta auziari ekiteko oinarriak finkatu ahal izateko. Bazterkeriarik eta betorik gabe, ausardiaz eta ikuspegi osoz jokatuz. Kolonbiaren kasua adibide bat izan daiteke denontzat. Bateko eta besteko egoeren arteko alde agerikoak gorabehera, aintzat hartzeko moduko bi adibide eman dizkigu. Irailaren 2an, Diputatuen Kongresuko talde guztiek, baita Alderdi Popularrak ere, adierazpen bat izenpetu zuten, non bakea aldezten zuten herrialde hartan, eta negoziazioaren, hitzarmenen eta adiskidetzeen alde egiten. Bestetik, FARCekoek barkamena eskatu diete 2007an bahitu eta erail zituzten 11 diputatuen familiakoei. Elkarrizketa, ulermena, adiskidetzea, erantzukizunak nork bere gain hartzea, ez gehiago ez gutxiago, horixe behar dute Kolonbian, eta horixe behar dugu Euskal Herrian.
Eusko Lebebiltzarrerako hauteskundeak. IRITZIA
Elkarrizketa, adiskidetzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu