Kike Amonarriz
18. Korrika. Lehen eguna. Paperezko lekukoa

Elkarri eta ahora eman

2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Korrikaren lehen kilometroak egin genituen atzo Tolosaldean, Kilometroak korrika batean prestatzen ari garen urte berean, hain zuzen ere. Eman euskara elkarri dio Korrikak eta Ahora! Kilometroek. Helburu bera bietan: euskararen erabilpena sustatzea.

Azken hamarkadetan euskarak Tolosaldean, eta bereziki erdaldunagoa zen Tolosan, aurrerapen nabarmena egin badu ere, erabilpenari begira lan handia dugu oraindik ere egiteko.

Euskal Herriko oso eskualde gutxik dituzte gureak bezalako baldintza soziolinguistikoak erabileran jauzi kualitatiboak emateko, elkarri emateko: irakaskuntzan D eredua besterik ez dago, Tolosa bera Ueman sartu berria da, udaletako alkate, zinegotzi eta langile ia guztiak euskaldunak dira, herritarren gehiengoak euskaraz daki edo ulertzen du...

Korrikak eta Kilometroek eskaintzen diguten aukera hau, herritarrek, erakundeek eta era guztietako eragileek elkarri euskara eman diezaioten eta euskara ahora eraman dezaten baliatu behar dugu.

Euskararen erabileraren hobekuntzan geldialdi bat egon dela erakutsi digute kale-erabileraren inguruko azken datuek, eta Arrue ikerketaren emaitzek oso garbi adierazi digute eskolak bakarrik ezin duela ikasleen gelatik kanpoko erabilera bermatu, oro har, bere lana ondo egiten ari baldin bada ere. Gelatik jolastokira irten behar du euskarak, eta jolastokitik kalera. Eta atxikimendu teorikotik erabilera praktikora familietan, dendetan, lantegietan edo erakundeetan.

Euskararen alde egotetik, euskaraz egitera bultzatu behar ditugu herritarrak.Eta ikasten ari direnei, kanpotik etorri berriei edo hitz egiteko lotsa direnei euskaldunok euskara eman behar diegu, euskaraz hitz egin behar diegu eta horretara animatu eta lagundu, gehiegizko zorroztasunak eta zuzenkeriak baztertuz. Zorionik beroenak, bide batez, mintzalagunei!

Euskarak duen atxikimendu sozial zabala bisualizatu egiten du Korrikak. Aurkezpen sozialean Euskal Herriko gizartearen atxikimendu anitza islatu zen eta gauza bera gertatuko da ibilbide osoan, kilometroz kilometro. Korrikan lasterka eta Kilometroetan oinez ikusiko dugun ilusio eta indar hori guztia elkarri eta ahora ematea lortu behar dugu: pasioz, ilusioz, maitasunez eta elkartasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.