Joseba Azkarraga Etxagibel.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Eliteek badute plana

2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ekonomian hiru solairu bereizi zituen Martinez-Alier katalanak (ekonomia ekologikoan maisu). Goian maila finantzarioa dago, kreditu-zor dinamika. Erdian, ekonomia erreala: berau ganoraz haztean, zorrak eta interesak ordain ditzakegu. Eta oinarrian, ekonomia erreal-erreala: ekonomia orok du euskarri fisikoa, energia eta materialen fluxua. Gaurko ekonomiak bi lekuetatik du iraun-ezin biofisikoa: irensten dituen baliabideak (agortzen ari dira), eta jaurtitzen dituen hondakinak (kaos klimatikoa dakarkigu, besteak beste).

Ekonomiaren zein solairutan kokatu, halaxe irakurriko da gaurko lurrikara. Bat, bizi duguna «oso larria da», ekonomia produktibo-errealarentzat egundoko kolpea izango baita pandemia. Bi, «oso-oso larria da»: ekonomia errealaren leihotik sartu da izurritearen obusa eta, gorantz eginez, eztandaraziko du baita dagoeneko lehertzear zen atiko finantzarioa ere, asko hedatuz uhin suntsitzailea. Hiru, «oso-oso-oso larria da», aurrekoari erantsi behar oinarri biofisikoen hondatze sekulakoa: energia, klima eta bioaniztasuna.

Gure ikuspegia hiru aldiz larria da. Gero eta ozenagoa da energia beheraldiaren burrunba. Balio-kate globalak modu estruktural eta are sendoagoan moztuko ditu. Kapitalismo fosilistaren agoniak ahala du desglobalizazio askoz harroagoa eragiteko. Ipuinetan katramila gaitezke, baina berriztagarriekin ezingo zaio gaurko konplexutasunari eutsi.

Zientziarik onenak aspalditik dio datorrenak erraz gaindituko duela orain artekoa. Larrialdi egoera iraunkorra seinalatzen digu, uzkurtze handia arlo funtsezkoetan: energia eta materialak, ekoizpena, kontsumoa, mugikortasuna... Nago zerra-hortzaren irudiak balio lezakeela etorkizuna irudikatzeko. Kolpe bakoitzak —ekonomia, energia, klima eta bioaniztasunaren arteko elkarreragin anitzek— higatu edo desegingo luke jendartearen atal/funtzio bat. Ondoren, nolabaiteko susperraldia, baina erabat lehengoratu barik. Kolpez kolpe beherantz, beharbada arnasaldiekin, baina beherako bide orokor luzean.

Eliteek ulertu dute, eta aspalditxotik ari dira deslotzen hilkor arruntongandik. Bruno Latour frantsesak berriki gogoratu digu: klase gidariek, dio, dagoeneko ez dute gidatzea asmo, ezpada salbu jartzea mundutik kanpo. Ulertu dute ez dagoela guztiontzako tokirik. Ber-hartu dezagun Titanic-aren metafora higatua, gomendatzen digu Latour-ek: «Klase gidariak ulertzen ari dira naufragioa saihetsezina dela; salbamendu txalupez jabetzen ari dira, eta orkestrari eskatu diote jotzen segi dezatela gauaz goxatzeko, gehiegizko asaldurak erne jarri aurretik gainontzeko klaseak».

Orkestrak sorgindua dugu herria. Naufragioaren benetako neurriari buruzko informazio apalarekin. Formakuntza are apalagoarekin. Zailtasunekin, atsekabea gorantz norabidetzeko, eta 5Garekiko liluratuegi. Hazkundea noiz besarkatuko desiratzen, hondarrak jasotzen segitzearren, nahiz haztea ekozida eta suizida den. Herritarrok, finean, txotxongiloarena egiteko txartel ugarirekin.

Eliteek badute plana, eta beldurgarria da. Besteona falta da, segurtasun emaile behar lukeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.