Espainia eta Frantzia helburutik gertuago daude. Abertzale euskaldunen artean ere «asimilazio prozesua» barneratzen hasi da. Euskal Herrian mendeetan Madrildik eta Paristik inposatutako hizkuntzak «euren» egin dituzte, onartzen hasi dira, euskaldunok onartzen hasi gara frantsesa etagaztelania «geure» hizkuntzak, «bertako» hizkuntzak ere badirela. Ondorioa argia da: euskara gero eta ahulago dago, eta erdarak, aldiz, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Horratx Euskal Herrian Euskaraz elkarteak asteburuan Durangon egin duen nazio batzarraren ondorio nagusia.
Eta hau, berriz, alderdi abertzaleei bidalitako mezua: «Herri euskalduna eraikitzea bigarren mailan jarri da. Euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute herri euskalduna aitortzen».
Urriaren 21eko hauteskundeen kanpainan errebotez iritsi da hizkuntza politikari buruzko eztabaida. Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiaren ondorio gisa plazaratu da kanpainaren erdian. Aurrerantzean hedabideentzako egindako agerraldietan euskara bakarrik erabiliko dutela, hainbat lan kontratatzeko orduan euskararen jakintza maila bat exijituko dutela, eta beste esatearekin batera, bertan ziren kazetarietako batek gaztelania ederrean bota zuen bere galderaren sarrera gisa: «Oraindik askatasunez hitz egin dezakegunez...».
Berriro mezu bera; erdaraz mintzatzea askatasuna da, bestea inposizioa. Horixe da hitz gakoa, hori errepikatu dute Basagoitik, Maneirok, Lopezek... Agerraldiak euskara hutsez egitea inposizioa da, lehiaketa publikoetan euskara exijitzea inposizioa da, enpresek lanak izango balituzte bezala EGA duten profesionalak aurkitzeko.
Ikastolen aldeko Kilometroak jaia izan zen igandean Andoainen (Gipuzkoa). Ikastolen alde eta euskararen alde ere bai. Hauteskunde kanpaina bete-betean, alderdi ugaritako ordezkariak bertaratu ziren. Iñigo Urkullu eta Laura Mintegi lehendakarigaiak haien artean. Besarkatu ere besarkatu zuten elkar, irribarretsu.
Hizkuntza politikarako proposamenak dauzkate bilduta EAJk eta EH Bilduk hauteskunde programetan. «Euskarak ez ditu salbatzaileak behar, erabilpena erakargarri egitea baizik», esan zuen Urkulluk Andoainen. Euskara erakargarri egin. Hain baldar, trakets, zatar ote euskara erakargarri ez izateko? Lehen ere esan zuen EAJrentzat ez dela eredugarri Gipuzkoako Aldundiak darabilen hizkuntza politika. Pixka bat 'es mucho' hark dirau jeltzaleen buruan. Sozialisten hiru urte eta erdiko salbuespenarekin, azken 30 urteetan Eusko Jaurlaritzak egindako hizkuntza politika da EAJk programan azpimarratzen duena.
EAJrenarekin alderatuta, ausartagoa da EH Bilduk proposatzen duen hizkuntza politika. Ez dira ahaztekoak, ordea, koalizioko alderdi askoren ajeak, oraindik ere oihartzuna badute eta. Gobernuan izan edo oposizioan, indar handia edukiko du EH Bilduk legebiltzarrean, eta gai honetan (ere) premiazkoa da bi alderdi horien arteko akordioa.
Nork agintzen duen gorabehera, ez litzateke hasiera txarra izango datorren legegintzaldirako EAJ eta EH Bildu ados jartzea hurrengo urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatu beharreko hizkuntza politikan.
Hizkuntza asimilazioa alboratu, eta herri euskaldun gisa aitortzeko gai izan daitezen gutxienez kolore guztietako abertzaleak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa
Eleak euskarari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu