Lorea Flores.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN

Ekofeminismoa krisiaren aurrean

2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
COVID-19ak sortutako osasun-krisiak are gehiago nabarmendu du bizi dugun krisi sistemikoa, krisi ekologikoari eta zainketen krisiari bereziki lotua dagoena. Leku anitzetan esan den bezala, badirudi gaixotasun zoonotikoek —adibidez, gaur egungo pandemia eragiten ari den koronabirusak— lotura estua dutela ekosistema naturalak suntsitzearekin eta basa-faunako espezieak ustiatzearekin. Gainera, arnas eritasun horien sintomak larriagotu egiten dira airearen kutsadura handia den lekuetan. Horrek erakusten digu zer ondorio kaltegarri ekar diezazkigukeen klimaren krisiak eta planetako ekosistema anitzi ematen diegun tratu iraingarriak.

Gainera, osasun krisiaren lehen hilabeteetan nekazari eta abeltzain txikiek arazo handiak izan zituzten beren produktuei irtenbidea emateko, merkatu eta feriak egiteko debekuaren ondorioz. Iraunkorragoak izateagatik sustatu behar diren tokiko, sasoiko eta ekologikoak diren produktuen kontsumoari oztopoak jarri zitzaizkion, eta, aldiz, merkataritza-gune handiek irekita jarraitu zuten. Ezin dugu ahantzi produktore txiki horiek, beren jarduera estentsiboekin, paisaiaren mantentze-lana egiten dutela, natura zaintzen laguntzen dutela, eta, gainera, ezinbestekoak direla elikagai osasuntsuak egunero gure mahaietara irits daitezen. Zentzu honetan, bereziki emakume baserritarren gain nahiko nuke jarri arreta. Izan ere, landa eremuan emakumeen lana beti izan da berebizikoa bizia sustengatzeko, baina izan dituzten trabak ere sekulakoak izan dira. Nekazaritza lurren %30 bakarrik daude emakumeen esku, eta beren lana isilpean geratzen da. Baina gero eta gehiago dira landa eremua eta baserriak aurrera ateratzeko emakumeek osatutako ekimenak.

Bertzalde, krisi honek mugimendu feministak aspalditik salatzen duen zainketen krisia ere nabarmendu du, ondorio latzak ekarriz. Batez ere emakumeen eskulanaren mende dauden sektore guztiak prekarizatuta daude. Aurreko urteetako murrizketen ondorioz, ospitaleak kolapsatu egin dira, osasun langile eta material aski ez egoteagatik. Murrizketa hauengatik eta pribatizazioengatik, adinekoen zentroetan bizitako egoera tamalgarria izan da. Eskolak ixtean eta haurren beharrez ahaztean, familiek malabareak egin behar izan dituzte lana eta zaintza bateratzeko. Baina, gainera, ezin dugu ahaztu genero-indarkeriari lotutako salaketek ere gora egin dutela.

Horregatik guztiagatik, gaur egun ekofeminismoa inoiz baino garrantzitsuagoa da etorkizun hobe bat izateko. Ezinbertzekoa da pandemiak ekartzen dizkigun egungo krisi ekologikoari eta desberdinkeria, esplotazioa, bortxaketak eta hilketak eragiten dituzten giza eskubideen urraketei irtenbidea emateko. Argi geratu da pertsonen, planeta osasuntsu baten eta biodibertsitatearen mende gaudela bizirauteko. Ekofeminismoak alternatiba bat eskaintzen digu eskubideak urratzen dituen eta krisian dagoen sistema globalizatu baten aurrean. Vandana Shiva ekofeministaren hitzetan, ekofeminismoa «jasaten ari garen zibilizazio-krisiarentzako erantzun onena» da, eta zera azpimarratu du: «Patriarkatuak planeta suntsituko du geldiarazten ez badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.