Iosu Alberdi.

EH Bildu, lehentasunezko solaskide

2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Bizkaiko Batzar Nagusietako bozketarekin, amaitu dira 2025erako aurrekontuak onartzeko prozesuak Hego Euskal Herriko erakunde nagusietan. Horiek EAJ-PSE-EE gobernuen eta EH Bilduren arteko elkarrizketek markatu dituzte, esan baitaiteke koalizio subiranista izan dela Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien lehentasunezko solaskidea. Negoziazioek ez zuten fruiturik eman Eusko Legebiltzarrean, baina bai Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan, berriz, egoera bestelakoa izan da; PPren baiezkoak eten zuen aukera oro.

EH Bilduk «akordio global» baterako proposamenarekin ekin zion prozesuari urrian, baina EAJren eta PSE-EEren ezezkoak auziari erreparatzeko modua aldarazi zion koalizio subiranistari, nahiz eta ideia hori ez duen baztertu azken asteetako diskurtsoetan —ezta baztertuko ere datozen urteetan, azaldu dutenez—. Hala, erakunde bakoitzak bere elkarrizketa esparrua izan badu ere, denetan azaldu nahi izan dute negoziatzeko borondatea.

Eta egin dute, besteak beste, hala eskatzen dielako azken bozetatik hona egindako adierazpenetan eta txosten politikoan bertan bere buruari jarri dizkioten zereginetako batek: «gobernu alternatiba» gisa aurkezteko urratsak egitea. Eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeak gidatu nahi badira, egungo aritmetika parlamentarioek ezinbesteko egiten dute akordioetarako gaitasuna izatea. Eta gainera, agendan ezarri nahi diren gaiak mahaigaineratuz egitea hori: etxebizitza, gutxieneko soldata, zaintza...

Akordio gaitasunari lotuta, azken hilabeteetan, EAJko eta PSE-EEko ordezkariek sarri aurpegiratu diote EH Bilduri Espainiako Gorteetan eta Nafarroako Parlamentuan itunak ixteko jarrera bat izatea, eta bestelako jarrera bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Aurrekontu kiloak prezio bera al du Nafarroan eta Gasteizen?», galdetu zion Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek EH Bilduko eledun Pello Otxandianori.

Hori azaroan izan zen, eta ordurako jakina zen Nafarroako Gobernuak aurrekontu akordio bat itxi zuela EH Bildurekin. Eta aurretik zein ondoren, koalizio subiranistako buruzagiek argi adierazi izan dute Madrilen ere erabaki bera hartzeko asmoa dutela, aurrekontu eztabaidarik bada, behintzat.

Pradalesek hitz haiek egin zituenetik, baina, urratsak egin dira. Arabako akordioa iritsi zen lehenik —abenduaren 9an jakinarazi zuten aurreakordio bat zutela—, eta Bizkaikoa ondoren —hilaren 17an baieztatu zuten—. Bizkaian, jeltzaleek eta sozialistek bermatuak zituzten aurrekontuak, gehiengo osoa baitute Batzar Nagusietan. Ez, ordea, Araban. Han, mahai gainean zegoen iazkoa errepikatu eta aurrekontu proiektua bidean geratzeko aukera, baina, horren ordez, ituna elkarlan baten abiapuntu gisa aurkeztu zuen EH Bilduko eledun Eva Lopez de Arroiabek: «2025. urtetik aurrera ere elkarrekin lan egin dezakegu, eta legegintzaldia salbatua izan dezakezue».

Hala, Eusko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan bakarrik izan dira desadostasunak. Baina ez dira modu berean azaleratu, egoerak ezberdinak baitira. Legebiltzarrean, jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osoa dute, eta aurrekontu proiektua ez da inoiz arriskuan egon. Beraz, EH Bildurekin akordio bat eskuratzeak «adostasunak zabaltzeko» nahiari erantzuten zion, eta, eztabaidan elkarri aurpegiratutakoak kontuan hartuta ere, akordiorik eza ez da traba izango beste negoziazio esparru batzuk irekita mantentzeko.

«Batzuetan adostasunerako gaitasuna dago; aurrekontuetan, ez», azaldu zuen Pradalesek astelehenean, auziari garrantzia kenduz, eta gogoratu zuen EH Bildu osasun mahaian dagoela; hori da, hain zuzen, Jaurlaritzak datozen hilabeteetan izango dituen korapilo handienetako bat. Otxandianok, berriz, aurrekontuak onartu ziren bilkuran bertan azaldu zuen «herri akordioen» bila segituko dutela.

Begiradak, Gipuzkoara

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EH Bilduren ezezkoak bestelako egoera batean utzi zituen EAJ eta PSE-EE. Aurrekontuak bideratuta zeuden, baina, Arabako eta Bizkaiko aldundiek hartutako norabidearen ostean, horiek PPrekin adostu izanaren inguruko azalpenak eman beharrean utzi zituen. Izan ere, Espainiako Gorteetan eta Eusko Legebiltzarrean alderdiak duen oposizio zorrotzetik aldendu nahi izan du Mikel Lezama eledunak Gipuzkoako PPren jarrera, baina nola ulertarazi Espainian Voxen eta Nafarroan UPNren aliatu dena ez dela hala Gipuzkoan?

EH Bilduk azken hauteskunde zikloan eskuin muturraren kontrako dike gisa aurkeztu du bere burua, eta ideia horrekin bat egiten du PPren argazki berean atera nahi ez izateak. Arrazoi berberagatik, Espainiako eta Nafarroako gobernuen bazkide fidagarrienetako bat da. Bi esparru horietan hausturaren bat gertatzeak eskuinaren alternatibari bide emango liokeelako, eta arlo sozialean eta nazionalean eragiteko ahalmena nabarmen murriztu. 

EAEn, baina, ez da Espainiako eskuina gobernu alternatiba gisa ezartzeko arriskurik, eta EH Bildu bera da EAJren hegemonia politikoari lehia egiteko bidean dena; Gipuzkoa du horretarako abagune nagusietako bat. Beraz, Pradalesek ituna lotu duen arren EAJ-PSE gobernuek akordioak ezker-eskuin egiteko duten gaitasunarekin, jeltzaleek tentuz erreparatu beharko diote PP bazkide gisa izatearen zamari. Hain zuzen, Ianko Ganboa EAJko batzarkideak EH Bilduri leporatu zion jeltzaleak «higatu» nahi izatea aurrekontuen kontra eginda. Ez zuen esan, baina, horiek PPrekin onartzeak eragin dezakeela higadura. Atzo, zerga erreformarako egitasmoa aurkeztu zuen aldundiak, eta EH Bildu, Elkarrekin eta PP hitz egiteko prest dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.