joxerra senar

Egonkortasun zorionekoa

2024ko azaroaren 16a
05:00
Entzun

Parlamentuaren ohiko dinamikatik aterata, urtean behingo argazkia ateratzeko abagunea izan ohi dira politika orokorreko eztabaidak. Aurtengoa testuinguru berezi batean gertatu da. Nazioartean joera atzerakoia nagusitzen ari den honetan, Nafarroa haize kontra doala dirudi. Iraganean, lurraldea berea balitz bezala gobernatu duen eskuina ezin izan da gobernura heldu hamar urte luzez, eta UPNren ezintasun hori inoiz baino ageriago geratu da aurtengo eztabaidan. Alderdi horretako buruzagi nagusiak, Cristina Ibarrolak, gonbidatuen harmailatik ikusi zuen herenegun eztabaidaren hasiera. Oraindik ere parlamentuko eledun denak, Javier Esparzak, berriz, EH Bilduren komodina atera zuen berriro, baina haren erasoak kamuts geratu dira, beste behin ere. Ezustekorik ez.

Aldez aurretik idatziriko kronika izan da berez eztabaida osoa. Maria Txibitek gobernuaren jarduna nabarmendu du, bere kudeaketaren arazoei eta gatazkei izkin eginda. Irakasleen grebak, landa eremuko mediku falta eta euskalgintzaren kritikak ez dira agertu haren diskurtsoan. Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak ñabardurak egin nahi izan dizkiote diskurtso horri. EH Bilduk bazkide nagusi izatearen rola azpimarratu du. PPk bere posizioari eutsi dio, eta Voxek, bere astakeriak bota.

(ID_14430994) Politika Orokorreko Osoko Bilkura Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Politika orokorreko osoko bilkura Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU

Hain zuzen ere, gorroto mezuen arriskuaz ohartarazi du Txibitek, eta adierazi politikaren eta gizartearen arteko harremana hautsita dagoela. Egia da horrelako eztabaidek oso zail dutela zubi lana egitea. Komunikabideek zabaldutakoa alde batera utzita, oharkabean geratu da herritar gehienentzat. Nafarroako politika egonkor dago, eta lasaitasun horrek ez du arreta soziala bereganatzen.

Begiratu ingurura. Bruselan, PPk haizagailua piztu du, Carlos Mazonen kudeaketa negargarria ezkutatu nahirik, eta Europako Batzordearen beraren osaera kolokan dago. Ameriketako Estatu Batuetan, Donald Trumpek jada jakinarazi ditu bere kabineteko izen nagusiak, eta haren agintaldiak zer ekar dezakeen antzeman nahirik dabil mundua. Alemanian, 1982tik lehen aldiz, gobernu bat hautsi da, eta Olaf Scholzen gobernua erabat ahul dago. Horiek horrela, gutxiengoan egonda, egonkortasun zorionekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.