Osakidetzak emandako azken datuen arabera, herritarrek batez beste 52 egun itxaron behar izaten dituzte ebakuntza bat egiteko. Itxaron zerrenda luzeen ondorio bat zera da: dirua daukana klinika pribatu batera joango dela. Sorpresa: posible da Osakidetzan martxoan ebakuntza egingo zizun sendagileak urtarrilean egitea klinika pribatu batean. Ordaintzen baduzu, noski.
Osakidetzan joera hori oso zabalduta dago: osasun sistema publikoko hainbat sendagilek klinika pribatuetan lan egiten dute aldi berean. Horri buruz galdetuta, zera esan zion BERRIAri Alberto Martinez Osasun sailburuak, iazko abenduan egindako elkarrizketa batean: «Osasungintza publikoan ordutegia betetzen badute eta ez badago interes gatazkarik, ez nago kontra».
Ez badago interes gatazkarik, zergatik proposatu zuen Espainiako Osasun Ministerioak, duela egun batzuk, mediku zerbitzuburuen esklusibotasuna legez bermatzea? Osasun sistema publikoaren antolaketarekin zerikusia dutenez ari dira Madrilen. Izan ere, ospitale bateko zerbitzu bat antolatzen duenak aldi berean kontsulta pribatu bat baldin badauka, arriskua dago haiek interes partikularren araberako erabakiak hartzeko.
Gaia iritsi da osasun ituna adosteko mahaira ere. Osakidetzak izan beharko dituen ikuspegi, balio eta printzipioak aztertu dituzte Jaurlaritzak eta eragileek, baina LAB ez da azken-aurreko agiriarekin bat etorri. Zergatik? Besteak beste, esklusibotasuna testutik at geratu delako. Mediku guztiena.
Sindikatu guztiak ere ez datoz bat Osakidetzako mediku guztiei klinika pribatuetan lan egitea debekatzearekin. Batzuek egungo joera defendatzen dute, eta beste batzuek esklusibotasuna diruz saritzea proposatu dute, Osasunbidearen ereduari segituta.
Unibertsaltasuna, berriz, idatzi dute Osakidetzaren printzipioen agirian.
Osasun gaiez asko ikertu du Juan Simo medikuak —Arrotxapeko osasun zentroan egiten du lan—, eta, haren ustez, unibertsaltasuna ospitaleek baino ez dute lortu: «Klase sozial guztiek onartu eta erabiltzen dute». Lehen arretara, aldiz, ez dira joaten errenta handikoak, ezta erdi mailako klaseko asko ere. Zergatik? Klinika pribatuetara joaten direlako.
Horrek ondorio zuzen bat du, Simoren ustez: «Eraginik handiena dutenen eragina falta zaie osasun zentroei». Unibertsaltasunak osasun zentroen atea joko balu egoera hobetuko litzatekeela uste du. Eta horrek ere eragina izango du pazienteen osasunean: nazioarteko ikerketa ugarik frogatu dutenez, pazienteen heriotza tasa %30 murrizten da lehen arretako sendagile berak urte luzez artatzen baditu.
Beraz, mahai gainean zenbait galdera daude: unibertsaltasuna defendatzea eta esklusibotasuna ez babestea kontraesankorra da? Zergatik dago Confebask osasun sistema publikoaren etorkizuna adosteko mahaian? Esklusibotasun faltak nolako eragina du itxaron zerrendetan? Klinika pribatuetako ateak irekita egon ahalko lirateke osasun sistema publikoko medikuek bertan ere lan egingo ez balute? Zein da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren erantzukizuna horretan guztian? Ezin dira ahaztu kanpora ateratako zerbitzuak eta deribazioak ere.
Eztabaida atzeratu dezakete, baina noizbait heldu beharko diote. «Egiturazko aldaketak» behar ditu Osakidetzak, alde guztien arabera.