Udal eta foru hauteskundeak. Araba. BOZ GORA

Egiten duguna gara

2015eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Pasa den igandean, Gasteizko plazarik esanguratsuenean, Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotutako zazpi gazteenganako elkartasunez harresia osatzen ari zen bitartean, Gorka Urtaran —PNVko Gasteizko alkategaia— alde zaharreko jatetxe batean zegoen bazkaltzen. Jakin badakit, neu ere bertan nengoelako. Bera ere gogoratuko da, seguru, momentu batean mahaitik altxatu eta berarengana zuzendu bainintzen, handik metro gutxira zer gertatzen ari zen azaldu eta arratsaldean bertatik pasatzeko gonbita egitera. Ez dut uste grazia handirik egin zionik gizonari, baina irribarre batekin erantzun zidan halere, eta berdin agurtu gintuen jatetxetik irten zen momentuan ere.

Handik 24 ordura, ertzainek plaza modu basatian hustu eta hogei atxilotu eta 70 zauritu utzi ondoren, honakoa idatzi zuen Urtaranek Twitterren: «Vitoria-Gasteiz ezin da pankarten, liskarren eta etengabeko konfrontazioaren hiri bihurtu». Bezperan ez zen Herri Harresitik pasa, tamalez, han zer gertatzen ari zen ikusteko. Bere alderdiaren esanetara dagoen polizia bidali zuten horretarako handik ordu batzuetara.

Elkartasun ekimen desobedientean modu batera edo bestera parte hartu genuenok, aldiz, hauteskunde gau ondorenean ere, Urtaranek egundo ulertuko ez dituen arrazoiak direla eta, ondo gogoan edukiko ditugu han bizitako une asko. Goizaldeko ordu batean pijama jantzita kafea eta pastak eskaintzera jaitsi zen 70 urtetik gorako auzokidearen kezka aurpegia, adibidez. Edo gau hotzean bata bestearen kontra sentitu genuen beroa, gure ondoan lotan geratu ziren 60 urteko bi erizainekin ordu txikitan izandako elkarrizketa, orduro errepikatzen ziren polizi autoen sirena hotsek sortzen zuten urduritasuna, goizeko behe-lainoa eta ingurukoen neke aurpegiak, zu baino indartsuagoa denak sortzen dizun beldurra, egin behar duena egiten ari denaren duintasuna… Hauteskunde kanpainari buruz, datuen hoztasunetik idaztea ezinezko bihurtzen duten akorduak dira denak niretzat gaur.

Ez dakit igandean Gasteizen, edo Araban, edo gainontzeko herrialdeetan zer gertatuko den. Dakidana da Gorka Urtaranek ez duela hiri honetara ezer berririk ekarriko. Gaur-gaurkoz, Euskal Herri osoan hain beharrezkoa den aldaketarako oztopo nagusia PNVko egungo agintariak direlako. Iraganera lotuta mantentzen gaituen giltzarrapoa zabaltzeko giltzetako bat Sabin-etxean ezkutatzen dute.

«Legearen eta justiziaren artean hautatzeko eskatzen badigute, justiziaren alde egiten jarraituko dugu» zioen kameren aurrean herri harresiko kide batek, amorruari eutsi ezinean, kasko gorridunek Aiala, Ibon eta Igarki —Auzitegi Nazionalak ezarritako sei urteko kondena betetzeko— atxilo eraman eta minutu gutxira.

Amorru horri, era berean, harrotasuna zerion. Oraina estaltzen duen hauts gris itogarri honen azpian, etorkizun hobeago baten alde borrokan jarraitzen duen herri duin bat dagoelako oraindik. Gaur ez bada bihar helduko den egunerako lanean, bidean. Gora Gasteiz, karaho!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.