Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

'Earth day'-ko meteoritoak

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gure planetan bertan sortutako meteoritoen aurkikuntza argitaratzear daude hurrengo egunotan bertan. Orain arte ikertutako meteoritoak eguzki sistemako beste toki batzuetatik etorritakoak izan dira. Deigarrienak, Martetik etorritakoak.Gure eguzki sistema osatzen ari zen garaian, jaio berria zen Lurra eta Marteren tamainako planetoide baten arteko talka izugarria gertatu zen eta tamaina guztietako milioika arrokak egin zuten salto espaziora. Horietako asko berriz Lurrera erori ziren edo bildu ziren, Lurretik gertu egungo Ilargia eraikiz, baina asko urrunago joan ziren; beste planeta eta asteroideetan erori edo, besterik gabe, espazioan zehar sakabanatu ziren eta noizean behin erori egiten dira han eta hemen. Meteorito hauekgarrantzitsuak dira, talka gertatu zeneko informazioa gordetzen baitute. Orain arte, zientzialariek ez dituzte aztertu, urriak baitira. Baina hasi dira agertzen.

Hau jakin dugu gure planetaren eguna (Earth Day) ospatzen dugun garai berean. Egun hau 1970eko apirilaren 22an hasi zen ospatzen AEBetako unibertsitateetan, eta helburua pedagogikoa zen, gazteak jabetu zitezen noraino den garrantzitsua gure planeta zaintzea. Egunak, besteak beste, John Muir zientzialariaren jaiotzaren urtemuga ere ospatzen zuen. Eskozian jaio zen, 1838an, eta 11 urte zituela AEBetara aldatu zen familia bizitzera. Kimika, Botanika eta Geologia ikasi zituen,eta ikertzaile aritu zen. Basoak, glaziarrak eta klima aztertzen, ingurumena babesteko beharraz jabetu zen. Horrela, Sierra Club izeneko lehenengo talde ekologista sortu zuen. Lurraren historiaren hasieran, talka izugarri batek planeta ia txikitu zuen; orain, gizakiok eragindako klima aldaketak eta ingurumenaren txikizioak eraginda, hondamendi biologiko baten atarian egon gaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.