Amagoia Mujika Tolaretxipi.

EAJren garaipen gazi-gozoa

2024ko apirilaren 22a
00:15
Entzun

Urrats kualitatiboa izan da EH Bilduk atzo egindakoa, boto kopuruan lortutako gorakadaz harago. Inkestak iragartzen ari ziren bezala, belaunaldi gazteek hobeto konektatu dute EH Bildurekin EAJrekin baino, eta etorkizunari begira gogoetatzeko gaia izango da, zalantzarik gabe. Hori ondoriozta daiteke atzoko bozen emaitzetatik, eta bi alderdi abertzaleek emaitza onak izan dituztela ere bai: EAJk, erorikoan sokari heldu, eta garaipenari eutsi dio, batik bat Bizkaian izandako emaitzei esker, eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan inoiz izandako emaitzarik onenak lortu ditu. Araban eta Gipuzkoan irabazi du, eta Bizkaian milaka boto gehiago eskuratu, Elkarrekin Podemosen porrotaren ondorioz besteak beste. Eserlekuetan berdinketa izan da bi alderdi abertzaleen artean, berdinketa hori hauts zitzaketen eserlekuak beste alderdi batzuetara joan direlako: Araban EAJren eta Sumarren artean dantzan zegoen eserlekua ezker konfederalera, eta Gipuzkoan PSE-EEren aldera EH Bildurentzat izan zitekeena.

PSE-EE ere izan da atzoko garaileetako bat, bi eserleku gehiago lortu baititu (12), eta, beraz, jeltzaleek eta sozialistek aise gobernatuko dute beste lau urtez, gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarrean, 39 eserlekurekin. Imanol Pradalesek erosotasuna izango du edozein erabaki aurrera ateratzeko, nahiz eta aurreko legegintzaldian baino bi eserleku gutxiago izan. Edozein moduz, datorren legebiltzarra inoiz baino abertzaleagoa izango da, eta horrek eragin beharko luke hainbat gairi buruz erabakiak hartzerakoan. 75 eserlekuetatik 54 izango dira abertzaleak.

Imanol Pradalesek erosotasuna izango du edozein erabaki aurrera ateratzeko, nahiz eta aurreko legegintzaldian baino bi eserleku gutxiago izan.

Elkarrekin Podemos legebiltzarretik kanpo geratzeak ere zer pentsatua eman beharko lioke ezker konfederalari. Lehen indarra izan ondoren desagertzerainoko bidea egin du Elkarrekin Podemosek, eta Sumarrek eserleku bakarra lortu du, Araban. Bi alderdiak banatu aurretik zetorren gainbehera, oso azkar hazten denak arrisku handia baitu oso azkar jaisteko, baina pertsonalismoek zeresan handia izan dute.

Gobernu akordio posibleak

Abstentzioaren araberako emaitzak espero ziren: EAJk arreta jarria zeukan bereziki alderdiarekiko ilusioa galdu zutenengan, eta EH Bildura hurbil zitezkeenengan. Horrek ekarri du kanpainaren bortitza azken egunetan. Horrek ekarri du Imanol Pradalesek Sortu deitzea EH Bilduri, Venezuela aipatzea, eta ETA, nola ez, espainiar alderdiek ohituta gauzkaten modura. Borroka armatua terroristatzat jotzeko enpeinuak esnatu zuen kanpaina, batez ere Espainiako komunikabideetan, Hego Euskal Herrian ere ikusten diren kate eta webgune horietan.

Dena den, ez dute hemen funtzionatu gerrako berriemaile bereziek eserlekutik mugitu gabe emandako lezioek. Espainian eragina izaten dute, baina ez hemen. Horren adierazle, EH Bilduren hazkundea; lau urtean 92.000 boto irabazi ditu, eta EAJ, PSE-EE eta PPk, denak batuta, 84.000 gehiago.

Parte hartzea %62,5 ingurukoa izan da. 2020koetan baino hamabi puntu gehiago. Kontuan hartu behar da pandemia garaia zela, eta ez dela konparatzeko moduko data bat, baina argi dago beheranzko joera nabaria dela hauteskundez hauteskunde. 2020an %50 izan zen; 2016an, %40; 2012an, %36; eta 2009an, %35. 2001. urtekoan izan zen abstentziorik txikiena, Lizarra-Garazi amaitu osteko lehen bozetan, boto abertzalearen eta unionistaren arteko polarizazio garai izugarrian. Juan Jose Ibarretxek sekula ez bezalako emaitzak lortu zituen EAJrentzat. Gaur egun EH Bildu osatzen duten alderdiek, berriz, Lizarra-Garaziren urteko bozetan izan zituzten orain arteko emaitzarik onenak, EH eta EAren emaitzak batuta. Orain, aspaldiko lehia estuena iragarria zegoen honetan, parte-hartze datu apalenetakoa izan da hauteskundeetan. Datorren legealdiko hautetsiek badute zer gogoetatu hor ere.

Garaian-garaian gorabeherak izan dira bi alderdi abertzaleetan, baina EAJren nagusitasuna agerikoa izan da Eusko Jaurlaritzaren gobernuan, 44 urtetatik 41etan. Bi aldi konplexutan soilik izan du hegemonia auzitan: hain justu 2001eko kanpaina bortitzean (Ibarretxek espainiar alderdiak ezustean harrapatuz), eta 2009an, PSOEk eta PPk gehiengo osoa lortu zutenean. Patxi Lopezek hiru urtean gobernatu zuen, eta hauteskundeak aurreratu, PPrekin hautsi ostean. Gainerako hauteskundeetan ez da zalantzan egon jeltzaleen garaipena. Atzo arte. Hain zuzen, hori da atzoko bozketaren ondorio nagusietako bat: gobernu alternatiba bat egon zitekeela lehen aldiz.

Izan ere, joera aldatu egin da, eta, emaitzak emaitza, azken hauteskundez hauteskunde EH Bilduk gora egin du; EAJk, berriz, behera. Ezinezkoa zirudiena gertatzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.