Ezker abertzalea duela hogei urte soilik bide zibilen eta politikoen alde egiten hasi zenean, eta bereziki Lizarra-Garaziz geroztik, osagai identitario-subiranistak pisua eduki izan du EAEko hauteskundeetan EAJren programetan eta ondorengo gobernu jardueretan, eta bakegintzak ere ukan du lekurik. EAJk, historian, jakin du bere mezua sartzen kanpainan eta atarikoetan, asmatzen baitu erkidegoaren pultsu soziala hartzen. Baina orain, lehen inkestak inkesta —EITBk 27 aulki eta CISek 27-28 —, erraza al du?
Lizarra ondorenera joz —akordioa hautsi arren, arrastoa utzi zuen—, 2001eko hauteskundeetan, Major Oreja dator-ekin —eta ezker abertzalearen garai hartako nora ezarekin—, EAJ, EArekin koalizioan, gai izan zen abertzaletasunean askotariko eremuetatik arrantzatzeko. Ahaztezinak dira Ibarretxeren orduko 604.222 botoak —%42,7ko babesa, 33 aulki—. Alderdiaren zatiketaren aurretik ere ez zuen halako babesik lortu EAJk; 1984an egon zen gertuen: %42, 32 aulki. 2001az geroztik etorri ziren Ibarretxe Plana (2004) eta EAEko Kontsulta Legea (2008), baita, dena esatera, ezker abertzalearen legez kanporatzea ere. Azkenerako, EAJri berari ere eragin zion Espainiako Alderdien Legeak, 2009an PSE-PP itunak Ajuria Enetik bidali baitzuen Ibarretxe. Hala ere, ordurako EBB hasia zen transatlantikoari bira ematen. Joan den igandean, BERRIAn, Larreinak (EA) kargu hartu zion Anasagastiri (EAJ): «Nik bezala zuk ere badakizu, Iñaki, zergatik hautsi zen Ibarretxe lehendakariaren gobernu koalizioa. Espainiak debekatu ondoren, Ibarretxek aurrera egin nahi zuen kontsultarekin, baina EAJk geldiarazi zuen».
Ordea, duela lau urteko hauteskundeetan, eta jadanik erabat Urkulluren gidaritzapean zela—EBBko buru eta Jaurlaritzako lehendakarigai zen Urkullu aldi berean—, EAJk artean Ibarretxeren aroko arrastoak zituen: programako hiru lehentasunetatik bi bakegintza eta «Euskadirentzako estatus politiko berria» ziren. Gainera, bazuen berriro helduleku indartsu bat abertzale askoren sentimenduak astintzeko: Jaurlaritza berreskuratu beharra zeukala, «Euskadi» ezin zela PSE-EEren eta PPren esku egon. 2009tik 15.000 boto, lau puntu eta hiru legebiltzarkide galdu arren —parte hartzea berdina izan zen: %64—, aise irabazi zuen, eta Jaurlaritzara.
Transatlantikoak biratzean hartua zuen bidea sakondu du EAJk urteotan. Eusko Legebiltzarrean, EH Bildu bigarren indarra ez, baizik eta PSE hartu du lehentasunezko aliatu, eta, duela urtebetetik, gobernu bazkide dira udal nagusietan eta diputazioetan. Ardanzaren garaitik—1998an utzi zuen—, ez zen egon EAJ-PSE aliantzarik. Legealdi honetan, EAJk ez du agertu estatus berrirako testu artikulatua osatzeko afanik, eta Urkulluk ez du deitu 2015erako agindutako «erreferendumera». Orain, hiru lehentasunetan ez du bakegintza, datorren legealdirako ez du zehaztu galdeketaren datarik... Lehentasun nagusia enplegua dute.
Sabin Etxearentzat, «Espainiako ezegonkortasun politiko eta instituzionala» da kontrarioa orain, eta «Euskadi blindatu beharraz» mintzatu da. Jendea motibatu nahiko du horrela. Blindatu, ordea, nola? Ez dirudi asko mugituko denik EAJ. Baina egoera zital samar batean da, publikoa denez: PPk eta PSOEk lagun nahi dute Madrilen, eta EAJ ezetzean da —PPrekin, batik bat—, baina berak Gasteizen PSE beharko luke, eta ikusteko dago PPren botoak beharko lituzkeen inbestiduran, eta zer fakturarekin.
Dena dela, eroso dago EAJ, lasai. Instituzioetako gobernuetatik kanpo ez du ikusten bera ez legokeen aliantza estrategikorik, eta subiranista sutsuenak prozesu baterako baldintzarik gabe daude oraindik. Ortuzarrek esandakoa egingo du EBBk: «Edozein akordio onartuko dugu, nahiz eta gure interesen kontrakoa izan, baldin eta erakunde bati gobernabide berme handiagoa ematen badio».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZ GORA
EAJ, eroso orain ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu