Hilberria. Blanca Antepara
Duintasuna iparrorratz
Herenegun hil zen Blanca Antepara, 88 urte zituela, Urbinan. Antepara euskal presoen eskubideen aldeko lanean nabarmendu zen. «Ikono bat» izan zen, Etxerat-ek nabarmendu duenez: «Duintasunaren eredua». Antepara 1923an jaio zen, Urbinan, eta zazpi seme-alaba izan zituen. Josu Ormaetxea preso ohiaren ama da, eta haren beste seme batek, Iñakik, 1991. urtean galdu zuen bizia, Donostiako Morlans auzoan izandako tiroketan. Euskal presoen sakabanaketa politikaren ondorioak zuzen-zuzenean jasan behar izan zituen, baina, hala ere, ez zuen bere borroka alde batera utzi. «Senide eta herritar gisa ikono bat izan da, ikono bat presoen senideek bizi duten egoera ederki azaleratzen zuelako, eta inoiz ez zuelako borroka alde batera utzi», azaldu du Etxerat-ek. 2010ean Gara-k egin zion elkarrizketa batean hala mintzatu zen Antepara: «Aurrera begiratu behar da beti, begirada jaitsi gabe. Duintasuna mantendu behar da beti, gure armarik garrantzitsuena baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu