Sei urte pasatu dira gu neandertalekin gurutzatu ginela frogatu genuenetik eta egun, gurutzamendu horren ondorioetan ari gara sakontzen. Eraginik eduki al zuen gure bizitzan? Eta horrela izan bazen, gure onerako edo txarrerako izan zen? Urtarrilean, American Journal of Human Genetics aldizkarian, Dannemann eta lankideek ikerketa interesgarri bat kaleratu dute horren inguruan.
Neandertalak 200.000 urte gehiagoan zehar bizi izan ziren Europan, eta ziurrenik ondo moldatuta zeuden bertako patogenoen aurka egiteko. Guk, afrikar jatorria izanik, ez genuen horrelako moldapenik Europako gaixotasun infekziosoetatik babesteko. Baina, Europara heldu aurretik neandertalekin gurutzatu ginenean, badirudi moldapen horiek jaso genituela. Konkretuki, berezko erantzun immunearekin erlazionaturik dauden TLR (Toll-like receptor) geneetan ikusi berri dute hori. Neandertalen aleloek gene horien adierazpena handitzen zuten globulu zurietan eta zenbait patogenoren aurka egiteko abantailatsuak omen ziren. Horrela, alelo horiek barneratzean, gure arbasoei errazagoa egin zitzaien Europan zehar hedatzea. Halaber, neandertalen alelo horiek eragozpenak ere ekarri zizkiguten, patogenoak ez diren beste alergeno batzuen kontra ere egiten baitute, egungo gizakietan alergiak ugarituz. Eboluzioak horrela jokatzen du batzuetan. Hautespen naturalak ezaugarri garrantzitsu baten alde egiten duen bitartean, deserosoak diren ondorioak ere bultza ditzake. Udaberriarekin batera polena ugaritzen denean, mesedez irakurle, ez bota errua neandertalei, ez zuten nahita egin eta…
ARGI ALDIAN
Doministiku neandertala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu