Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Distantzia fisikoa neurtuz

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Pandemia honetan SARS-CoV-2 birusaren transmisioaren datuak ezagutuz joan diren heinean, agintariek hartu dituzten neurriak aldatuz joan dira, bereziki pertsonen arteko distantzia fisikoari eta maskararen erabilpenari dagokionez. Birus honen agerraldi ia guztiak jende asko pilatzen den leku itxietan gertatu dira. Horrek ondorioztatzen du birusa airean dagoela eta airetik transmititzen dela, ez hainbeste kutsatutako azaleretatik. Arnasketa aktiboarekin zerikusia duen edozein jarduerak ere birusa transmititzeko arriskua areagotu dezake. Esate baterako, gimnasio batean zumba klase bateko partaideak kutsatu ziren, eta ez pilates egiten zeudenak.

Bestalde, kontuan hartu beharko litzateke birusaren esposizioaren iraupena ere. Horrela, zenbat eta luzeagoa izan esposizioa edo birusarekiko kontaktua, orduan eta handiagoa da kutsatzeko arriskua. Argi dago hogei segundoko esposizio batekin kutsadura ez dela gertatuko, baina hori luzatuz (hamabost minututik gora), orduan arriskua handitzen dela. Hainbat adibide ikusi dira esposizioaren garrantzia izan dutenak; esate baterako, gurutzaontzietako, jantokietako, abesbatzetako edo dantzalekuetako kutsadurak.

Beste gaixotasun infekziosoetan gertatzen den bezala, COVID-19an ere oso garrantzitsu bihurtu da superkutsatzaileek duten papera. Infektatutako gutxi batzuk dira, pertsona asko kutsatzeko gai direnak; koronabirus berri honen kasuan, kalkulatzen da infektatuen %10ek sortzen dituztela transmisioen %80. Hemen ebidentziak badaude kutsatze masiboak egoera komunetan gertatzen direla, hau da, infektatutako pertsonak egotea espazio itxietan eta modu jarraian beste pertsona batzuekin batera.

The Lancet aldizkarian egindako berrikuspen sistematiko batean ikusi zuten beste pertsona batzuekin metro bat baino gehiagoko distantzia fisikoari eutsiz gero infekzio-arriskua murriztu egiten dela; hala, kutsatutako pertsonatik metro batera baino gehiagora kutsatzeko arriskua %3koa izan zen, eta metro batetik beherako distantzian, %13koa. Are gehiago, distantzia metro bakoitzeko kutsatzeko arriskua erdira jaisten zela ondorioztatu zuten. Herrialdetik herrialdera desberdina da aholkatutako pertsonen arteko distantzia. Horrela, Txinan, Hong Kongen eta Frantzian metro batekoa da, baina Australian, Belgikan eta Alemanian metro eta erdikoa da. Bakarrik Kanadan, Espainiako Estatuan eta Britainia Handian da bi metrokoa.

Baina pertsonen arteko distantzia bezain garrantzitsua da maskararen erabilera. Aipatutako artikuluan, maskarei dagokienez, egiaztatu zen birusaren transmisioa %3raino jaisten dela erabiltzen denean, eta %17raino erabiltzen ez direnean. Frogatua dago pertsonen arteko distantzia fisikoa ezinbestekoa dela, baina leku itxietan denbora luzez egonez gero maskarak erabili behar direla. Hala ere, gaizki erabiliz gero, kutsatu egin daiteke.

Maskararik eramaten ez duena ez da kutsatzea axola ez zaion ausarta, besteak kutsatzen dituen burugabea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.