Gurutze Ezkurdia Arteaga.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Digitalizazioa dela eta

2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hezkuntzari buruzko solasaldiak sarri askotan erabiltzen ditugu aho bazterretan, are gehiago izurrite madarikatu hau gure artean dabilenetik. Egoera berri honek gure txiki eta gazteen egoera azaleratu digu: nola jarraitu haien formakuntzarekin? Etxean ematen den hezkuntza garrantzitsua ez baledi moduan... eta nola geratuko dira instrukziorik jaso gabe? Ez, baliabide guztiak jarri behar dira heziketaren ibilbidea eten ez dadin. Zertarako dira ordenagailu, tablet eta horrelakoak, bada? Gaur egun, birus ziztrin batek ezin dezake gure bizimodua horrela eten! Pentsatzen dugu. Aldarrikatu egiten dugu. Gizarte teknokratiko eta hutsal honetan ez dugu bizitzako minutu bat ere alferrik galtzeko, Baumanek dion moduan, bizitza likidoa da, berez badoa.

Curriculumaren muinean dago zer eta nola irakatsi. Zer ikasi legeak arautzen du, curriculum legeak. Nola irakatsi, horretan maisu-maistra eta irakasleak dira jaun eta jabe. Baina lanak ezarritako eginbehar guztiei aurre egiteko duten profesionalek, ezinbestean ordezkatuko dute haien irakasteko baliabideak, merkatuak eskaintzen dien testuliburuen bidez. Testuliburua da ikas-irakas prozesuan ezinbesteko baliabide nagusia. Eta izurritearen ondorioz aurrez aurreko irakaskuntza bermatzeko teknologiaren atera jo dugu. Bertan aurkitu ditugu komunikazio enpresa handiak, testuliburuen, ikaslearen eta ezagutzaren tartekaritza bideratzen duten plataforma indartsuak. Bertan ezagutza jaso eta partekatu ere egin daiteke. Irakasleak bertan partekatzen du klasean egin nahi duena, materiala sortu eta partekatu.

Baina dohainik den edozer zeren truke da? Ezagutza metatzearen truke,irakaskuntzako profesionalek sortzen dutenaren truke, ezagutza beti geratzen baita enpresa handi hauen esku.

Funtsean, testuliburuen bidez garatu den ezagutza eta irakaskuntza ez da aldatu. Gaur egun, testuliburuak egiten dituzten argitaletxeak, gure ume eta gazteek ikasten dutena planifikatzen jarraitzen dute, eta plataforma digital berriei esker, ikasteko modua askoz erakargarriagoa egiten dute. Erabilera plataforma digitalek bideratzen dute, sarean partekatzeko aukera eskainiz, baina honek bere ordaina du: familiek eskola bakoitzak aukeratu eta ezarri duen sistema bideratzen duen ordenagailua erosi behar izan dute. Honek bideratzen du, ikasle horiek sistema zehatz batean heziko direla, eta ez besteetan.

Azken finean, nola ez da problema, zer irakasten den da arazoa, bai curriculuma diseinatzen duten politikoena, bai argitaletxe ezberdinak hautatzen duten ezagutzena. Digitalizazioa XXI mendearekin batera sartu den errealitate izanik, pixkanaka zabalduz joan da, eta izurrite honek autopista jarri dio, modu nabarmenean indartuz, bat bateko premiak areagotuz eta halabeharrezko digitalizazioa behartuz. Hadi egon beharko dugu norantza garoazen jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.