Eraldaketa digitalerako impetus-ak hondakin elektriko eta elektronikoen kudeaketaren arreta proportzionala beharko luke.
Inger Andersen UNEPen buruak dio planetaren hirugarren krisia hondakinena dela, klima aldaketarekin eta bioaniztasun galerarekin batera. Euskadiko 2020ko Ingurumena azterketaren arabera, hiruron joerak ez dira onak. Aste honetan BERRIAn irakurri dugu zabortegien edukiera ia bikoiztu beharko dela hurrengo hamarkadan. San Marko zabortegiaren historia motelari so, baikorra ezin izan.
Txikitan kalkulagailua desmuntatzea gustuko nuen, barnetik nolakoa zen ikusi ostean berreraikiz. Gaztetan, ordenagailua: piezak aldatu edo haizagailua garbitzeko. Liluragarria da osagaien konplexutasuna. Sakelan daramagun mugikorra, telesailak eskaintzen dizkigun pantaila, edaria freskatzen duen hozkailua... Hondakin elektroniko bihurtuko dira denak, nahiz eta osagai gehienak oraindik erabilgarri izango diren. Nora gero? Parte bat bertoko industriak prozesatzera eta, horren zatiki bat, birziklatzera ere bai. Bestea, batek daki: zabortegira —toxikotasuna zabalduz— edo, GPS bitarteko ikerketek aurkitu bezala, ilegalki beste herrialdetara agian, metal preziatuak azidoan edo aire librean pizturiko parriletan bereizteko. Adibidez, Indian edo Ghanan, gurean ikusezinak diren inpaktu ekosozialak eraginez.
Hondakin elektronikoei aurre egiteko, Europako Batasunak ekodiseinu irizpideak berritu ditu. Batzuek konponketarako eskubidea bermatzen dutela diote, besteek, nahikoa ez dela. Espainiako Ekonomia Zirkularraren Estrategiak hondakin hauek aipatzen ditu pasadan, baita Jaurlaritza prestatzen ari den Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planak ere, non hauentzako irtenbide nagusia plastikoak energia sortzeko erraustea omen baita. Zaborraz hitz egitea ez da cool, baina ostruka bezala hitzak zuloan ezkutatzeak ez ditu desagerrarazten.
Digitalizazioa sustatzearekin batera, ekarriko duen hondakinen ugalketa aurreikusi dezakegu. Zabor elektronikoa gutxitu eta berrerabiltzeko ahaleginak berreskuratze planetan eta Itun Berdeetan nabarmendu zitezkeen. Izan ere, berreraikuntza programen ingurumen eragin netoa positiboa izan dadin, jasangarritasunerako proiektuak sartzea ez da nahikoa. Programan dauden beste ekimen guztiek, digitalizazioa barne, inpaktu negatiborik ez gehitzea ere eskatzen du.
Beste gai askotan bezala, hondakin elektronikoak murrizteko badugu lana denon artean. Lanbide hezkuntzak bere garaian zuen mantentze-lanetarako bikaintasuna berpiztuz, aparatuak konpondu edota bizkortzeko adituak aurki topa ditzagun. Enpresek, ekodiseinua bezalako estrategia ezagunak erabiliz, eta berritzaileak ere bai, hala nola aparatuak saldu ordez, hauek emandako zerbitzua alokatuz, ondasun iraunkorrak ekoiztea inzentibatu dezakeena. Industriaren bultzadan birziklatzeko teknologiaren garapena ere sartuz, adimen artifiziala eta guzti. Ekologikoki zein ekonomikoki zuhurra zitekeen baterien birziklatze teknologian aitzindari izatea, hauen ekoizpenean egongo den konpetentzia basatia saihestuz. Ordenagailuak zaharberrituz, Ingalaterran zein Bilbon zenbait taldek diharduten bezala. Bigarren bizi hori goza dezakete konfinamenduan etxetik ikasi behar izan zuten eta ordenagailurik ez zuten umeek adibidez, Euskal Herrian bertan. Eta norbanakoak, aparatu hori ordezkatzerakoan, pentsatuz ea konpondu edo beste zerbaiterako erabili daitekeen, edo besterik gabe, software garbitasuna praktikatuz.
EKONOMIA. PENTSALDIAN
Digitalizazio hondarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu