Lorea Agirre.

Desio eta imajinazio ariketa bat

2023ko ekainaren 15a
16:38
Entzun

BERRIAk hogei urte, eta ezin gogoari Egunkaria itxi zuteneko drama eta BERRIA sortu zeneko epopeia hartara joaten ez utzi. Batzuontzat hor dago mugarria, batzuontzat hor egon zen aurretik eta ondoren bat. Ezin gogoa, ezta ere, Torrealdairengana joaten ez utzi. Egunkaria-k 25 urte betetzen zituela-eta —horietatik hamabi itxita eta BERRIAk berriz dozena bat urte zuela— Torrealdairi Jakin aldizkarirako egin nion elkarrizketa berrirakurtzen, begira jotzen du Egunkaria-ren ekarpenaz dioenak: «Zuentzako ez du asko esan nahiko akaso, baina guretzat normalizazioa hitz gakoa da. Tristea da, baina besteak bezalakoa izatea da beti bilatu duguna, normalizazioa, homologazioa. Gu oso egoera marjinaletik gentozen, eta normalizazioa nahi genuen, alegia, plaza publikoan duintasun osoarekin egoteko eskubidea, besteen eskubide berdin eta berekin». Egoera asko aldatu dela sarri iruditzen zaigun arren, sakoneko auziak antzeratsu jarraitzen du, baina erauntsiaren neurriak ez.

Torrealdai gu ginen belaunaldi berri bati ari zaigu, nondik zetozen azaltzen. Orain belaunaldi berriei gu ari gara, antzera esaten. Memoria kolektiboa partekatzeak eta elkarrizketa mahaia beti prest izateak, beharrezkoa izateaz gain, uste dut indar eraginkor handi bat sor lezakeela, pizten gaituela, hanka bat sustraitzen eta bestea aurrerarazten duela eta norabide bat markatzen. Komunikazio kanalak eta sareak eta mahaiak irekita behar ditugu. Hori da egunkari baten, komunikabide baten egiteko nagusia. Fakultatean erakutsi ziguten egunkari on bat «bere buruarekin hitz egiten duen nazio bat dela» zioela Arthur Miller idazleak. «Egunkariak herri egin gaitu», Torrealdaik.

Kontua da egunkari bat —komunikabide bat— herri proiektu bat dela beti, bere geografia fisiko, humano, ekonomiko, politikoa eta kulturala barne duela; eta herri horrek bere burua egiten eta berregiten jarraitzeko bere buruari kontuak berritu behar dizkiola etenik gabe. Kontuak berritu BERRIAk egiten dizkigu. Jarraitzen du gu herri egiten, plaza publikoan duintasun osoarekin egoteko eskubidea gauzatzen.

Sozialki existituko bagara

Herria —kultura edo komunitatea deitu nahi bada— komunikazioarekin eta eremu publikoarekin hertsiki lotuta dago. Ez dago sozialki existituko den kulturarik bere burua ikusia izateko eta zabaltzeko sistemarik ez badu; hau da, ez bazaio kultura hori komunikatzen komunitate bati. Ez da existitzen ez kultura hori, ez komunitate hori. Hori da herri txiki eta txikiagotuen arrisku behinena. Eta hizkuntza minorizatuetako komunitateena. Gurea. Hizkuntza, lurraldea eta lurraldearen batasuna, sistema soziala, sistema politikoa, eskubide sozialak, burujabetza politikoa, besteak beste, normalizatuta ez dituen komunitate askotariko bat, plaza publikoan egoteko ekosistema komunikatibo bat ezinbesteko duena, komunitate izango bada.

Ariketa horrek badu desio eta imajinazio ariketatik asko. Ez den Euskal Herri bat imajinatzen eta gauzatzen du. Legeetan edo arkitektura instituzionalean ez dagoena, balego legez jokatuz eta de facto normalizatzen lagunduz. Besteak beste, hizkuntzaren errealitatean oinarrituta, baina ez bakarrik. Emantzipazio soziala, berdintasuna eta aniztasuna aldarrikatu, praktikatu eta prestigiatzen, eta ideia, kontzeptu, poema, kanta, aldarri... multzo jakin bat zirkulazioan jartzen. Hori da jende mordo bat, jende multzo bat, elkar ezagutzen ez duena, komunikazio artefaktu bera irakurtzen, entzuten, ikusten, interpelatzen, eztabaidatzen, une berean eta horrekin elkarren berri ematen. Noiznahi mundu konpartitu bat jasotzen, nor bere lekuan, bere euskarriarekin, eta mundu konpartitu bat biziarazten.

Komunitatea imajinatu, irudikatu, trinkotu eta gorputz emateko bitarteko sinbolikoetako bat da BERRIA euskarazko ekosistema komunikatiboaren barruan. Gizarte berrikuntza sistema bat. Eraldaketarako giltza bat. Elikadura, onura soziala. Herri egiten gaituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.