IRITZIA

Denborak begirada aldatzen du

Inma Landa
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurten bete dira hogei urte EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera gizonez eta emakumez osatutako konpainia hartu behar zuen alardea Dunboara beste bide bat eginez joan zela, konpainia hori ez integratzeko. Eta zer gertatu da hogei urte hauetan? Gertatzen da ehunka emakume gazte ditugula pozarren alardean ateratzen, eta hunkituta gozatzen dutela eta egiten dutela negar euren ama eta amonek esaten dietenean duela hogei urte hori ezinezkoa zela.

1967an Kathrine Switzer, Bostongo maratoian parte hartu zuen lehen emakumea, bultzaka eta indarrez kanporatzen saiatu ziren lasterketatik. Gaur egun, pentsaezina zaigu emakumeok debekatua izatea maratoi batean parte hartzea. Egun hauetan Madrilen World Pride ospatzen ari dira, LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna. Esatari, politikari eta milioika pertsonak hartu dituzte han bildu direnak, jakinik euren babesa eta elkartasuna justiziazko ekintza bat dela gaur egunera arte, sufrimendua eta umiliazioa falta izan ez duen bide batetik, estigma soziala jasanez iritsi diren pertsonekiko. Hori da denborak uzten diguna, begiradak, jarrerak eta sentimenduak aldatuz doazela; batzuetan ez guk nahi bezain azkar, baina aldatzen dira. Duela hogei urte jende askori arraroa egiten zitzaion emakumeak alardean ateratzea. Beste batzuei pentsaezina iruditzen zitzaien, irudikaezina. Orain pentsaezina edo imajinaezina iruditzen zaion jendea gutxiengo oso txiki bat da, posible izan delako emakumeak alardean ateratzea eta ikusgai izan direlako. Gaur egun ehunka eta milaka pertsonentzat irudikaezina dena da, alardean parte hartu edo ez, emakumeek euren kide, aita, anaia eta lagunekin batera atera ezin duten alarde bat.

Eta aldatzen dira begiradak faktore askorengatik. Batzuetan ikusi ez genuen zerbait irudikatzea zaila zitzaigulako. Beste batzuetan, pauso hori eman duten gertuko eta maite ditugun pertsonekiko afektibitateagatik; lagundu eta gure babesa eman besterik ezin dugu egin. Eta beste batzuetan bere horretan justizia eta aurrerapen zentzu batek esaten digulako aukera horiek errespetatu behar ditugula.

Horregatik guztiagatik, ziur nago hogei urte barru gaizki ikusia egongo dela emakumeak atera ezin diren alarde bat. Irunen aldaketa hori gertatzen ari delako, sentitzen dugulako eta bizi dugulako. Aldaketa horretaz eta denbora pasatzen dela jabetu ez direla diruditen bakarrak udal gobernatzen duten alderdiak dira: Irungo PSE eta EAJ.

Duela astebete Urkullu lehendakaria, Oihana Etxebarrieta parlamentariaren galdera bati erantzunez, argi eta sendo agertu zen Eusko Jaurlaritzaren babesa adieraziz alarde parekideari. Gipuzkoako Foru Aldunditik ere esaten digute Irun eta Hondarribiko alkateekin erakundeen arteko mahai batean ari direla lanean. Espero dezagun mahai horren lanaren fruitua gehiegi berandutu gabe ikusi ahal izatea.

Berdintasuna orain lehentasunezko helburu bat da gaur egungo eta etorkizuneko gizarte baten buru izan nahi duen edozein gobernu eta alderdirentzat. Eta hori argi ez duten politikariei historia gainetik pasatuko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.