Hala zioen Mandelak, eta egia da gauza askok ezinezkoak diruditela gertatzen diren edo horretara jartzen garen arte. Aurtengo urtarrilean inork ez luke pentsatuko gaixotasun kutsakor baten ondorioz gobernuek konfinamendua ezarri beharko luketenik biztanle guztientzat. Era berean, gaur egun, ia ezinezkoa edo zaila dirudi egungo sistemari buelta emateak; izan ere, ingurumenerako kaltegarrienak diren jarduera ekonomikoak maiz onura gehien sortzen dutenak (batez ere pertsona gutxi batzuentzat) dira, eta eskualde osoen euskarri ekonomikoa izatera irits daitezke. Erregai fosilen bidez lortutako energiaren adibidea da hori, urte luzez estatu mailako zenbait eskualdetan jarduera ekonomiko nagusia izan dena.
Hala ere, uste dut aldaketa guztiak egingarriak direla, beharrezko baldintzak izanez gero, baina, batez ere, aldaketa hori sortzeko borondatea badago. Hagitz aldaketa handiak gertatu izan dira historian, baita gure lurralde txikian ere. Gogorarazi nahi nuke, nahiz eta dagoeneko hala ez izan, bere garaian burdinaren erauzketan eta esportazioan oinarritutako jarduera ekonomikoa hagitz garrantzitsua izan zela Euskal Herriko zati handi batean. Horren lekuko dira Bizkaiko meatzaldeko Zugaztietakoa bezalako paisaia ikonikoak, edo lurraldea zeharkatzen zuten trenen antzinako burdinbideak, Plazaolako edo Bidasoko tren txikia kasu (gaur egun bide berde bihurtuak). XX. mendearen hasieran, gutxik pentsatuko lukete Euskal Herriko meatzaritzak, lurraldean sortutako aberastasunean eta enpleguan halako inpkatua izan zuenak, izan zena izateari utziko ziola.
Hori ere horrela zen ikatzaren kasuan duela 30 urte, Greenpeacek zentral termikoetan energia lortzeko ikatza erretzearen aurkako kanpaina hasi zuenean. Hau izan da NEGen emisio iturri nagusia duela hiru urte arte, eta, beraz, klima aldaketaren eragile nagusia. Ikatza erretzea eta erauztea osasun arazoekin, heriotza goiztiarrekin eta giza eskubideen urraketekin lotzen duten hainbat txosten ere badaude. Hala ere, bazirudien ikatza erretzea ez zela inoiz amaituko; izan ere, urte askoan, ikatza izan da hainbat eskualdetan jarduera ekonomiko nagusietako bat, hala nola Andaluzian, Galizian eta Asturiasen. Baina badirudi ikatzaren aroa ere amaierara iristen dela. Aurreko astean, EDPk iragarri zuen Asturiasko bi zentral termikoak itxi egingo zituela, honekin Espainiako Estatuko zentral termiko guztiak 2025a baino lehen ixteko aukera zabalduz. Hau dena gertatzen da, neurri batean, ikatzetik datorren energia ez delako jada lehiakorra prezioa merkatzea lortu duten eta energia berriztagarriak bezala presentzia irabazten ari diren bertze energia mota batzuen aurrean. Gainera, gero eta beharrezkoagoa da energia sistema aldatzea eta klima aldaketa eragiten duten isurketak murriztea.
Ikatza bere amaierara iristen dela dirudien honetan, aldaketa horiek gainerako erregai fosiletara zabaldu behar ditugu, ikatzaren antzeko arazoak sortzen baitituzte. Klima aldaketaren eragile nagusia dira, baina ekonomiaren funtsezko sektoreak ere badira. Horregatik, beharrezkoa da eredu energetiko hori modu planifikatuan alboratzea, denentzat bidezkoa izanen den modu batean egin ahal izateko, inor atzean utzi gabe. Jakin badakigu sektore hau pertsona anitzentako sostengua dela, eta horregatik beharrezkoa da trantsizio-planetan eragindako pertsona horientzako alternatibak izatea. Baina, lehen erran dudan bezala, orain baldintza egokiak ditugu aldaketa bultzatzeko. Eredu aldaketaren beharra erakutsi digun osasun eta ekonomia krisi baten erdian gaude. Egoerak esaten digu gauzak bertze era batera egiten hasi behar dugula, eta, gainera, sistema berrabiarazteko eta berrasmatzeko aukera dugu. Informazioa eta tresnak baditugu, orain benetako borondatea eta anbizioa falta zaigu beharrezko aldaketa aurrera eramateko.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN
«Denak ezinezkoa dirudi, egiten den arte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu