Ziurrenik, boteprontoan esanda,ez didazue sinestuko, baina izatez ez naiz oso pertsona baikorra. Ezkorra ere ez, baina badaukat txikikeria handiena dimentsioz kanpo gorrotatzeko, edozeri haren alde ilunena, aukera inprobable eta txarrena ikusteko gaitasuna.
Hala ere, pandemia honek zekarren frustrazio, antsietate, min, ezinegon, etorkizun ilun eta abarrak ikusita, nire ezkortasun kapazidade hori mugatzea erabaki nuen orain urte eta piku. Iruditu zitzaidan, Mr. Wonderfullismoan erori gabe ere, positiboa den horretan zentratzeko garaiak zetozela, etsipenaren zurrunbiloak jango ez bagintuen. Arrakasta gehiago edo gutxiagorekin, baina uste dut eutsi diodala lagun batek «optimismo obszenoa» bezala definitu zuen jarrera horri.
Aisia faltan izanik, lana egin dut (soldatapekoa eta bestea) inoiz ez bezala; kultura konpartitu (kontsumitu esateak oraindik zerbait arraroa eragiten dit) eta sortu dut; aulkietan geldi eta kontakturik gabeko talde-dinamizazioetan ohi baina izerdi gehiago isuri dut bertan taldetik eta dinamizaziotik zerbait gera zedin; inguruan izan ditudanen gorabeherei gomendio eta entzute ariketa zintzoak egiten saiatu naiz; tabernen faltan, latako zerbezak eta ardo botilak konpartitu ditut lagunekin; bakarrik sentitu daitezkeen ingurukoak izan ditut inoiz baino gehiago buruan, eta bueltan ibiltzen saiatu naiz; gogoz maitatzeko ahaleginak egin ditut neke eta haserreen gainetik; zaintzen saiatu naiz eta zaindu nazaten uzten; jende berria ezagutu dut eta haien musukoen azpiko ustezko aurpegiak erregistratu izen berriekin batera; asko entzun dut (eta horrek berebiziko garrantzia du, ni neu naizen hiztun hau izanda); «dena ondo aterako da» gehiegitan errepikatu dut, «dirua ez da garrantzitsuena» gehiegitan esan dut, «inportanteena gu hemen gaudela eta beti egongo garela» lotsik gabe ziurtatu, «okerragoei aurre egindakoak gara» konbentzimenduz saldu.
Eta horren guztia ondoren, eta hala eta guztiz ere, oso nekatuta nagoen pertsona bat besterik ez naiz ekainak azkenak eman behar dituen honetan. Baina zer demontre, amaierako sententzia baikorra egin nahi nuke azken artikulu honekin, beraz, hor doakizue: Bejondeizuela danoi! Txapeldun batzuk bezala eutsi diozue ikasturte honi, eta begira, orain oporrak datoz, eta gozatu behar dituzue, merezi dituzuelako, ez dakizue zer nola eskertuko dizuen hori gorputzak, musukoak desagertzear daude, txertatzeek immunitate erabatekoa emango digute laster, eta ohartzerako, pandemia ez da «gertatu zen hura» besterik izango. Onenak zarete, segi horrela!
Eta orain, zuen baimenarekin, ohera noa.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN
Dena ondo aterako da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu