Iraganera begiratzeko astea izan da iragandakoa; Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inaugurazioa, Felipe Gonzalezek GALen izandako rola ikertzeari emandako ezezkoa, Txabi Etxebarrieta oroitzeko trabak. Hirurek, elementu batzuk komunean: biktimen kategorizazioa, batzuen aitortzarik eza eta, azken batean, ziklo armatuaren garaiko marko politikoetarako itzulera.
Historia latza dauka herri honek, eta saihetsezina da iragana presente edukitzea. Komenigarria ere bai. Besterik da 2021eko agenda politikoa zergatik dagoen ia monopolizatuta iraganari buruzko eztabaidekin; biktima batzuen egiarik eta aitortzarik ezarekin, indarkeriaren gaitzespenarekin, sektore jakin batzuei esleitutako gorroto mezuekin. Ez baitago orainari eta etorkizunari erantzuterik iraganeko orriak igarotzen ez diren bitartean. Biktima guztiek gutxienez egia eta aitortza ez duten bitartean.
Behin alderdi bateko kide batek emandako gomendioa izan zen: albiste bat irakurtzean, pentsatzeko albisteak nori egiten zion mesede, jakiteko nork filtratzen zuen informazio jakin bat hedabideetara. Ariketa bera egin liteke; pentsatzea nori egiten dion mesede memoria agendako lehen lerroko eztabaidagai izateak gaur egun.
Izan ere, Gasteizen zabaldu berri duten zentroak izan zezakeen bestelako inaugurazio bat. Bestelako eduki bat. Asteartea izan zitekeen herri honetan nozitu diren sufrikario askotarikoak gogoratzeko egun bat, biktima guztiak eroso sentiaraziko lituzkeen zentro batek ateak zabaldu dituela ospatzeko egun bat. Izan zezakeen izaera eraikitzailea, erreparatzailea.
Horren ordez, baina, Espainiako Gobernuak bultzatutako zentroak erabaki du garaipenaren museo bat egitea, pedagogia alde batera utzi eta kontakizunaren garrantzia biktimen gainetik jartzea, demokraten eta biolentoen eskema betikotzen saiatzea eta kontakizun hori Gasteizen egitea, jakinik kontakizun horren ordezkaritza politikoa, gehienez, ez dela iristen Eusko Legebiltzarraren laurdenera. Beste behin, euskal gizartearen memoria Madrildik diktatzea.
Joxe Azurmendik, hain zuzen Demokratak eta biolentoak liburuan (1997), zera zioen: «Demokrazia baino lehen estatua da. Gero, zuzentasuna zertan datzan eta zertan ez, estatuak erabakitzen du». Eta horixe egin du.
ANALISIA
Demokratak eta biolentoak 2.0
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu