Joxerramon Bengoetxea.
Kataluniako erreferenduma. Euskal Herria. IRITZIA

'Déjà vu'

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Atzera begira, beharbada, prozesua ez da termino egokia izan katalanen gehiengo zabal batek martxan jarri duen asmo kolektiboa izendatzeko. Espainiako Estatuak procés entzun eta proceso, prozesamendua ulertzen du, procesar aditzetik datorrena, proceder aditzetik etorri beharrean. Procés ikusi eta autonomia interbenitu egiten du, Konstituzioko 155. artikuluaren mamua astintzen du astakeria juridiko handiagoak egin ahal izateko, eta Konstituzio Auzitegia beti alde edukiko duela ziurtatuta. Diktadurako joerak erakusten ditu. Benetan larria.

Baina ez dut astakeria juridikoen zerrenda luzea osatuko. Eskatu baitigute prozesu honek euskotarroi nola eragiten digun aztertzea, zer-nolako ondorio edo lezio atera behar dugun etxerako. Egia esan, nahiko deseroso sentitzen naiz horrelako ariketen aurrean. Badirudi joera bat dagoela procés-a euskal eztabaida politikora ekartzeko; partidista esan beharko nuke, iruditzen baitzait badagoela prozesu hau gure tirabira eta sesio politikoen ikur bilakatzeko arriskua. Eta gure ibilbideaz, gurea beharko lukeen ibilbideaz, mintzatu bai mintzatzen garela, baina zeharka, inguru minguru, eta interferentziekin. Azkena, ETAk asteon kaleratutako agiria.

Ez dugu orain deskubrituko Espainiako Estatuak duen joera poliziala. Ezta elite politiko-juridikoek duten botereen banaketaren irudi desitxuratua ere. Edo Rajoyren gobernuaren erantzun «naturala» joera errepresiboa dela. Espetxe politika, torturaren inguruan ematen diren erantzun ofizialak, Altsasuko kasua... Hortik, bederen, ez da leziorik izanen.

Procés honi Espainiako ikuspegitik eman zaion esanahi politiko-konstituzionala ere ez da harritzekoa. Eusko Legebiltzarrak onartu zuen estatutu berriari eman zitzaion erantzunak, PP eta PSOE, lerrokatu ziren moduak... Déjà vu! Katalanek sinistu dute euren kasua desberdina zatekeela. Baina Espainiako kultura politikoa eta dogma konstituzionala ez dira aldatu. Harridura gutxi, beraz.

Oraingoan, baina, urrats bat gehiago egin dute: erreferendum lotesle bat. Jakina, erreferendum hori konstituzioaren aurkakoa da. Beti izango da; hori nobedadea! Baina zer gertatzen da Konstituzioaren gainean demokraziaren printzipioa jartzen badugu? Konstituzio sistema Kataluniarentzat beti izango bada «espetxe», gaztelu apurrezina, konstituzio sistema kafkiar hori saihestu egin beharko da.

Eta eskema horretatik abiatuta jaio da de facto izaera duen dinamika edo prozesua: gertakari nabari eta gaindiezinak sorraraziz. Bultzatzaileek pentsatu dute arrazoi demokratikoaren tsunamiari ezin izango diola Espainiako Estatuak aurre egin lege formalaren indar gordinaz. Herria mobilizatuko da eta baietzak irabazten duenean aho batez independentzia aldarrikatuko dela. Hau da eskema: gogoak agintzen du asmoaren gainean, eta arriskuak gutxiesten dira: «Gura izatea ahal izatea da!». Gainera, ikuskera horren arabera, Europako Batasunak eta mundu demokratikoak ez du inoiz ulertuko eta onartuko procés-a geldiarazteko Espainiak indarra erabiltzea.

Urriaren 2an ikusiko dugu. Ez naiz iragarle, eta ez dakit zenbateraino prest egongo diren Estatuko indarrei aurre egiteko, euren gogoari eusteko. Sinesten dut katalanek herri bat osatzen dutela, demos bat, eta badutela euren estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea. Horregatik, hemen, Gure Esku Dago-ren manifak sustatu ditut. Baina garbi ikusten dut, aldi berean, Konstituzioa ezin izango dela aldatu edo modu desberdinean interpretatu hori bideratzeko, eta Katalunia «derrigortuta» egongo dela konstituzio sistema horretan jarraitzeko.

Beharbada, Espainiako Estatuak legalitate juridiko-konstituzionala besterik ez du izango Katalunian, eta Euskadin. Biak «zapaldurik» dauzkan bitartean, Espainian legitimazio handia hartzen duelakoan, botoak erruz. Baina Estatuak zilegitasuna aspaldian galdua du. Procés-a prozesa dezake, baina katalanen gehiengoen burua eta bihotza galduta dauzka.

Karl Schmitten arabera, subiranoa da «salbuespena» ezar dezakeena. Subiranoa dela frogatzeko asmotan, Espainiako Estatuak Katalunian salbuespena ezarri du. Oso zaila izango du, orain, atzera egitea. Euskadin bagenekien, baina Katalunian orain ikusten ari dira. Kalitate demokratikoaren kaltetan, denon kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.