SARS-CoV-2 birusak agerian utzi duena da kutsatutako guztiek ez dutela modu berean garatzen gaixotasuna. Horren zergatia bilatzea zaila da eta argi dagoena da faktore askok parte hartzen dutela gaixotasunaren garapen ezberdin horretan.
Horietariko faktore bat elikadura izan daiteke eta, horren barnean, badirudi D bitaminaren mailak parte hartzen omen duela. D bitamina, izatez, aitzindari ez aktibo bat da, gibelean sortzen dena, kalzifediol izena izanik, eta hori aktibo bihurtzen da larruazalaren azpian eguzki-argiaren eraginaren ondoren. Baina gure sistema immuneko beste zelula batzuek ere, hala nola makrofagoak eta zelula dendritikoak, badirudi aktibatu egin dezaketela D bitamina hori. Azken finean, bitamina aktibatu ondoren bere funtzioak betetzen hasiko litzateke.
Gorputzaren barnean bitamina honek hainbat funtzio ditu. Alde batetik, kaltzioa hezurretan finkatzen laguntzen du, osteoporosia eta errakitismoa ekidinez. Baina, bestetik, bitamina honek duen beste funtzio garrantzitsu bat da bere ekintza immunomodulatzailea, hau da, gure sistema immunea edo babes sistema hori modulatu edo doitzea. Ezin da ahaztu COVID-19 gaixotasunean agertzen den arazo larri bat dela sistema immunearen ezohiko aktibazioa, zitokinen ekaitza eraginez eta, horren ondorioz, bakoitzaren sistema immunea babestu ordez bere buruaren kontra doa, gaixotasunaren larritasuna areagotuz.
Azken hilabeteotan hainbat ikerketa egin dira D bitaminaren mailaren eta arnasbideko gaixotasunen artean, eta ikusi da bitaminaren maila egokiak asmaren edo biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren gaizkiagotzeak gutxitzen duela.
Horri helduta, Plos One aldizkari zientifikoan argitaratutako lan batean aipatzen da odoleko kalzifediol maila altuak erlazionatzen omen direla koronabirusaren positibotasun baxuago batekin. Gainera, beste hainbat ikerketatan, COVID-19 gaixotasunagatik ospitaleratutako pazienteei D bitaminaren gehigarria emanez, ikusi dute larriagotu diren pazienteak eta zainketa intentsiboko unitatera eraman behar izan direnak proportzioz askoz ere gutxiago direla,%2 hain zuzen ere; gehigarria hartu ez zutenen taldean, berriz, pazienteen %50. D bitaminaren sistema aktibatuz gero COVID-19 gaixotasuna duten pazienteei gaixotasuna larritzeko arriskua murriztuko litzatekeela dioen hipotesia bermatzen dute datu horiek.
Azken emaitza hauek duten arazo printzipalena da aztertutako pazienteen kopurua ez dela handia eta, beraz, oraingoz ebidentzia zientifikoak sendoagoa izan beharko luke hori guztia onartzeko.
Bitamina honen eskasia izateko arrisku handiena duten pertsonak dira adinekoak (eguzkia hartzean bitamina hori ez dutelako ondo sortzen), gizenak (koipeak bitamina bahitzen duelako, odolera ailegatu gabe), gaixotasun kronikoak dituztenak, besteak beste. Talde hauek bat datoz COVID-19aren forma larriak izan ditzaketenekin.
Azkeneko egunetan Frantzian sei elkarte medikok eta hainbat zientzialarik D bitamina errezetatzea eskatzen dute eta herritarrak bitaminaren gehigarriak hartzera animatu dituzte.
Gaixotasun honen kontrolean denak gehitzen du eta, momentuz, dieta osasuntsua hartzea, bitamina hori duten elikagaiak kontsumitzea ere bada neurri egoki bat.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
D bitamina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu