Pastor
Darwin eta gu

Cuenca espainiartzen

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ondorengotza gerra irabazi eta gero, Filipe V.a Borboikoak Decretos de Nueva Planta izeneko legeak ezarri zituen. Lege horien artean Katalunian espainiera inposatzeko araua zegoen. Horren ondorioz, katalanak administrazio publikoko hizkuntza izateari utzi zion. Geroztik, gaztelera derrigorrezkoa izango zen eskoletan eta epaitegietan. Katalana leku publikoetatik ezabatzeko, Vivancoko abadeak, Gaztelako Kontseiluko idazkariak, isileko argibideak eman zizkien Kataluniako korrejidoreei: «Ahalegin handienak egingo dira Gaztelako hizkuntza sartzeko, erabaki eztitu eta disimulatuen bidez,helburua lortzeko ahaleginak nabaritu gabe». Gomendioa argia zen: gaztelera, aukeran, modu gozoan inposatzea, inor ez konturatzeko moduan.

Katalanak espainiartu nahi zituen Vivancoko abadeak, eta espainiera inposatu zuen horretarako. Hala ere, badirudi ez zuela helburua lortu. Kataluniako umeak espainiartu beharra omen dago oraindik. Espainiako gobernuak ikasle katalanak «espainiartu» egin nahi dituela adierazi du Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek, horrela Kataluniako ume eta gazteak «harro» egon daitezen katalanak eta espainolak izateaz. Esplizitoki soilik Kataluniako ikasleak aipatu baditu ere, Euskal Herriko eta Galiziako ikasleak ere izango zituen gogoan Wertek. Ministroak, ordea, ez du azaldu Cuencako edo Toledoko umeak espainiartzeko asmorik ote duen. Halakorik ez du esango,ez horixe. Izan ere, Espainiak ez ditu ume horiek espainiartu behar. Umeak espainiarrak dira.

Francoren garaiko espiritu nazionalaren kutsua darie Werten adierazpenei. Eta inpotentzia: Kataluniari buruz esan duenak argi uzten du Espainiaren porrota, Espainiaren inpotentzia, bere mugen barruko lurraldean bizi diren nazioak eta herritarrak espainiartzeko. Madrilgo, Kataluniako eta Euskal Herriko unionistek behin eta berriro aipatzen dute «nazionalismoen porrota», katalanek edo euskaldunek eraikuntza nazionalaren alde egiten dituzten saio guztiak arbuiatzeko. Porrota, ordea, haien nazionalismoarena da. Ministroak, gobernuak eta Espainia handi hartaz amets egiten duten guztiek hauxe galdetu beharko liokete euren buruari: zer egin duten txarto ikasle katalan eta euskaldun askok euren burua espainiartzat ez jotzeko, edo espainiarrak ez sentitzeko beraiek nahi luketen moduan?

Porrot handiena nazionalista katalanak —edo euskaldunak—ez diren nazionalisten porrota dugu. Nazionalismoaren porrot handiena Espainiarena izan da: mendeak pasatu dira batasuna ezpataz eta odolez inposatu zuenetik eta Espainiak ez du lortu bere menpeko herritar guztiak proiektu espainiarrarekin identifikatzea. Espainiak lurralde batasuna lortu du, baina ezin izan du denbora luze horretan batasun afektiboa lortu. Espainiak neurri guztiak izan ditu eskura: legea, inposizioa, indarra, politika sozial eta ekonomikoak, hezkuntza sistema … baina ez du lortu periferiako herritarrak guztiz espainiartzea. Norena da porrota? Legea eta indarra eskuetan izan arren, espainiartze hori ezartzea lortu ez dutenena ala azken mendeetan —Euskal Herrian 1512tik— ahal izan duten moduan oraindik bizirik irautea lortu dutenena?

Vivancoko abadearen garaietatik 300 urte pasatu dira, baina Madrilek ez ditu Katalunia eta Euskal Herria guztiz espainiartu. Felipe V.a Espainiakoak agindu eta hiru mendera Borboikoak ez dira oso maitatuak erresumako paraje guztietan. Espainiak, badaezpada ere, kode penala aldatu du eta biziarteko kartzela zigorra ezarri du magnizidio kasuetan. Disuasio-neurri honek fruituak eman ditu, antza: katalan batzuek Espainiako erregearen karikatura bati tiro egitearekin konformatu beharko dute. Horretanagertu dira aste honetan Kataluniako telebista publikoko programa batean. Beraz, Felipe VI.a Borboikoa izango da hurrengo Espainiako erregea. Ezusterik ez badago, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.