Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

COVID-19aren ezohiko sintomak

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasun berri honekin kutsatutako pazienteek arnasbideko sintoma klinikoak pairatzen dituzte nagusiki; horien barnean, sukarra, eztul lehorra eta aire falta, arnas ezintasunarekin batera.

Hala ere, ohiko sintoma horiek beti ez dira agertu behar, eta, batzuetan, ezohiko sintomak ager daitezke, bakarrik edo aurreko batzuekin batera. Horien artean arrunta bihurtzen ari da anosmia edo usaimenaren galera kutsatutako pazienteetan. Izatez, azken astean Espainiako Estatuan argitaratu den seroprebalentziaren aurretiko ikerketak agerian utzi du kutsatutakoen %43k sintoma hori pairatu dutela. Horrekin batera, disgeusia edo dastamenaren galera ere lotua dago. Londresko King's Collegen eta Massachusettseko Ospitalean egindako beste ikerketa batean ere ikusi zuten kutsatutako pazienteen bi herenek sintoma horiek izan zituztela. Anosmia, batez ere, gaixotasunaren hasierako faseetan ikusi izan da, eta, horrela, birusaren eramaileak antzemateko erabilgarria izan daitekeen datua litzateke, nahiz eta beste sintomarik ez izan.

SARS-CoV-2 birusak bi proteina erabiltzen ditu gure zeluletara sartzeko: AC2 (angiotentsina 2 bihurgailu-entzima) eta TMPRSS2 (serina proteasa 2). Bi proteina horiek arnasbideko zeluletan daude, baina badirudi usaimen-epitelioan dauden zelula batzuetan ere aurki daitezkeela, eta, horregatik, birusak, proteina horietara lotzen denean, usaimen-neuronetan kaltea eragiten du, eta usaimena desagertu egiten da. Zorionez, desagerpen hori ez da iraunkorra, eta usaimena berreskura daiteke, nahiz eta batzuetan bi hilabete itxaron behar izan. Dastamenari dagokionez, uste da proteina horiek daudela mihian kokatutako dastamen-papiletan ere, eta baliteke birusak dastamen-papila horiek kutsatzea, sudurrean gertatzen den bezala.

Sintoma horiez gain, gaixotasun honetan larruazaleko sintomak ere antzeman dira. British Journal of Dermatology aldizkarian argitaratutako lan batean aipatzen da SARS-CoV-2 birusak gaixotutako pazienteen larruazalean kalteak ager daitezkeela. Horien barnean, gaixotutako paziente larrien erdietan lesio makulopapulotsuak ikus daitezke, hau da, orban zirkular edo obalak iletsuen inguruan, edo maiztasun baxuagorekin urtikaria —azkura handia emanez— gorputz enborrean. Gazteagoak diren eta gaixotasuna arinagoa duten pazienteetan, aldiz, eskuetan eta oinetan agertzen diren erupzioak ikusi ziren, ospelen antzekoak. Lesio horien guztien iraupena gehienetan hamar egunetik gorakoa da.

Aipatzen da COVID-19 gaixotasuna pairatzeak beste gaixotasun larriak izateko arriskua ere handitzen omen duela; horien artean, iktusak, bihotzeko infartuak eta tronboak dira larrienetariko batzuk.

Beraz, ezohiko sintomak agertzen direnean, bereziki gaixotasunaren hasierako faseetan, nahiz eta ohiko sintomak ez izan, kutsaduraren aurreikuspen faktore gisa kontsideratu beharko lirateke, eta arretaz kontuan hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.