Gaur egun ahaztu badugu ere, garai batean umeok gure jostailuak egiten genituen. Jostailu horietako bat burrunbagailua zen. Burrunbagailu bat egiteko botoi eta hari edo kordoi bat baino ez zen behar. Haria botoiaren erdiko bi zuloetatik pasatu behar zen, eta listo! Jolasteko, hariaren muturretik hartu, eta eskuak mugitzen zenituen, txaloka arituko bazina bezala. Mugimendu horrekin, botoiak bira egitea lortzen zenuen, eta horrek burrunba soinua sortzen zuen. Egia esan, ez zen jostailu dibertigarriena. Baina burrunbagailuan oinarritzen den asmakizun berri batek gaixotasunen detekzioa ahalbidetzen du, baliabide gutxi dituzten eta gaixotasun asko pairatzen dituzten lekuetan.
Gaixotasunak detektatzeko, odol analisia funtsezko metodo bat da. Analisi horretan, zelulak eta plasma banatzea izaten da askotan lehenengo pausoa. Horretarako zentrifuga izeneko makina bat erabiliz, odola birarazten da, hainbat mila bira minutuko abiaduraz. Gure ospitaleetan erabiltzen diren zentrifugak makina handi eta garestiak dira, eta elektrizitatea behar dute funtzionatu ahal izateko. Garapen bidean diren herrialde askotako leku baztertuetan ez dute ez elektrizitaterik, ezta zentrifugak erosteko dirurik ere. Baina han ere, mediku eta erizainek odola analizatu behar dute gaixotasunei aurre egiteko. Burrunbagailuak lagun ditzake.
Burrunbagailuaren oinarrietatik abiatuz, Standforreko zientzialari batzuek zentrifuga merke eta erabilgarri baten garapena argitaratu zuten urtarrilean. Gure botoiaren ordez, paperezko disko bat erabiltzen dute, eta horregatik paperfuga izena (paperfuge ingelesez) eman diote tramankuluari. Haria bi muturretatik hartu, paperfugari ekin, eta kamera berezi bat erabiliz diskoaren abiadura neurtu zuten. 125.000 bira minutuko abiadura lortu zuten! Hori, eskuz eragindako tresna birakari baten neurtutako abiadura handiena da, Guinnes liburuan agertzeko modukoa.
Izugarrizko abiadura hori odolaren plasma eta zelulak bereizteko nahikoa izango zenaz konturatu ziren zientzialariak, eta saioa egin zuten. Odol laginak hodi fin batzuetan sartu, hodiak paperezko diskoan pegatu, eta paperfuga martxan jarri zuten. Bi minutu pasa eta gero…voilá! Odol plasma eta zelulak ezin hobeto zeuden separatuta. Sinesten ez badidazue, horra hemen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=cuYvNIGTC6Y. Odol analisiaren lehengo pausoa egina, ia dohainik eta elektrizitaterik gabe. Are gehiago, malaria eragiten duen parasitoa ere paperfuga erabiliz detektatu dezaketela erakusten dute.
Hainbat lekutan, antzinako jostailu batean oinarritutako berebiziko asmakizun hori biziaren eta heriotzaren arteko muga izan daiteke milaka gizakirentzat.
ARGI ALDIAN
Bueltaka eta bueltaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu