Imanol Murua Uria.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA

Boto likidoa

2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bazuen zentzua, EH Bilduren ikuspegitik behintzat, Ramon Zalloren eta abarren ahalegin hark, ezkerreko indarrek fronte bateratua osatzeko proposamenak. Harrera ona egin zion orduan EH Bilduk eta, ikusitakoak ikusita, are hobea egingo lioke orain. Asmatu zuten proposamena asmatu zutenek, Podemosen olatuak EH Bildu gainetik pasatuko zuela aurreikusi zutenek.

Roberto Uriarteren prentsaurreko interruptus-a, krisia eta dimisioa gero etorri ziren, Ahal Dugu bere kabuz, inoren laguntzarik gabe, bere burua hondoratzen sumatu genueneko hura. Baina garbi ikusi da: zuzendaritza krisi larriak eta buruzagi nahiz hautagai ezagunik ez izateak ez du eraginik izan. Ahal Dugu-ri botoa ematen dioten euskal herritarrek Podemosi eman diote, Pablo Iglesiasi, Espainiako aginte guneetan aldaketa eragitea posible dela sinetsarazi dien indar espainiarrari.

Iglesiasek Euskal Herrira etorri beharrik ere ez du izan. Katalunian erreferenduma egitearen aldeko jarrerari eutsi izana izan da, Euskal Herriko eta Kataluniako hautesleei begira, Podemosen kanpaina ekitaldirik eraginkorrena. Iñigo Errejon esaten ari da Zientzia Politikoetako Fakultateetan aztertzekoa izango dela Podemosek egin duen hauteskunde kanpaina. Aztertzekoa izango da, era berean, Kataluniako auziari buruzko jarrera horrek zer pisu izan duen emaitzetan. Eta, erne: kontuan hartzekoa, baita ere, Kataluniatik eta Euskal Herritik kanpoko lau milioi boz-emaile espainiar eroso daudela erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera duen alderdiari botoa ematen.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan beti izan dute ohi baino erakarmen handiagoa alderdi espainiarrek. Baina, orain arte, hautesle independentistak ez du tentaldirik izan. Nola, ba, PP edo PSOErekin. Oraingoan, ordea, abertzale ez gutxik pentsatu dute EH Bilduk Madrilen bi diputatu izan edo zazpi izan aldea ez dela hain handia, Sabino Cuadraren faltan Onintza Enbeitak berdin-berdin hautsi ahal izango dituela, Kongresuko oholtzara igota, Espainiako Konstituzioaren orriak, baina alde handia egin dezakeela erabakitzeko eskubidea defendatzen duen, bakegintzan aurrerapausoak ahalbidetu ditzakeen eta politika sozialetan EH Bilduren posizioetatik gertu dagoen indar espainiarrak Espainiako Gobernuaren osaketa baldintzatzeko aukera izateak.

Hasier Arraizek atzo Euskadi Irratian esana. Igande gauean bertan EH Bilduren boz-emaile ohien whatsapp-ak jaso zituzten EH Bilduko buruek, mezu honekin: oraingoan Podemosi eman diot botoa, baina lasai, hurrengoan zuei emango dizuet. Alderdi politikoarekiko leialtasuna futbol taldearekiko leialtasunaren parekoa zeneko garaiak joanak dira. Gizarte likidoan, botoa ere likidoa. Orain zuei, egoera honetan modu honetan eragin nahi dudalako, baina bihar haiei, beste egoera honetan beste modu honetan eragin nahi dudalako. Jakinik, gainera, gaur arerio direnak bihar aliatu izan daitezkeela. Bizkaia, EAJren domeinua orain ere, ez da ageri horren likido, baina bigarren indarra, Ahal Dugu, espero baino gertuago sentitu dute jeltzaleek. Pozik egoteko moduan dira, dena den, Urkullu eta Ortuzar, 2011n Bildu-Amaiurren tsunamiari baino askoz hobeto eutsi baitiote Podemosen tsunamiari 2015ean.

Boto eraginkorrak hondoratu du, beraz, EH Bildu, eta goratu Ahal Dugu. Baina eraginkorra izango ote da azkenean? Oraingoz, giltza, Pablo Iglesiasek bainoago Pedro Sanchezek du.PSOEren historiako emaitzarik txarrenak bilduta ere, aukera ona izan dezake. Ez, derrigor, agintea eskuratzeko, hori beste askoren eskuetan ere baitago, baizik eta Rajoyri Moncloarako bidea ixteko edo errazteko, sozialisten abstentziorik gabe jai izango duelako PPko buruak.

Behin Rajoyri aginterako bidea itxiz gero, bi aukera: edo ezkerrekoen eta periferiako nazionalistekin tratua eginez agintea hartu, edo hauteskunde aurreratuak. CUPeko Antonio Bañosek bota du: ederra litzateke —eta ondo ironikoa— alderdi katalanek PSOE eta Podemosen gobernu bati babesa ematea, Kataluniako erreferendumaren truke. Gaur egungo PSOEren eskemetan, ordea, nekez sartuko da halakorik.

Panorama honekin, beraz, gobernurik ez osatzea eta hauteskundeak berriro egin behar izatea ez dago baztertzerik. Horra, bigarren aukera, Alberto Garzonen —eta bere 900.000 botoen— eta Pablo Iglesiasen artekoa konpontzeko. Eta presta dadila, badaezpada ere, Ramon Zallo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.