Tik-tak-tik-tak. Bost egun bakarrik falta dira uholde batek etxea urperatzeko, baratzeko uzta lehortu edo izozteko, poloetako izotz urtuak hondartza irensteko. Zer egin dezaket? Berandu da katastrofea ekiditeko, baina nahikoa ondorioak leuntzearren neurriak hartzeko.
Greta Thunbergek 375 ppm-ean jaiotakoa bezala aurkezten du bere burua. Hori zen bera jaiotako urtean munduko batez besteko CO2 kontzentrazioa. Ni,342 ppm-ean eta urte berean, Exxon-eko zientzialariek gaur egungoa doitasunez asmatu zuten: 414 ppm. Iragarpen lan ikaragarri ona. Zoritxarrez, arlo pribatuan ikerkuntza emaitzak ikaragarri isilaraz daitezke.
Hemendik bost egunera, Glasgowen COP26 bilera hasiko da. Erresuma Batuko kaleetan koronabirusa jada desagertu dela dirudi musukoak arraroak baitira (infekzio tasa biderkatu den arren). Beste krisi bati aurre egiteko prestaketetan daude: Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko antolakunde nagusiaren partaideen konferentzia munduko presidenteak biltzekotan dago.
Ingurumen negoziazio hauek mugitzen dituzten baliabideak itzelak dira. Honako honetan 25.000 pertsona inguru espero dira: politikariak, zientzialariak, gizarte zibila, kazetariak, industria ordezkariak... zurrunbiloan eta kakofonian. Zientzialarientzat, politikariek adieraziko dutena ez da berria izango. Herritarrentzat, adosten dutena gutxi izango da. Aspaldi pentsatu ohi nuen: ezer mamiduna lortuko ez bada, ez al litzateke hobe errekurtso horiek beste zerbaitetan erabiltzea, adibidez, zuzenean ekosistemak leheneratzen? Urteak pasatu ahala, nazioarteko ingurumen negoziazioen balioa ulertuz noa. Koordinatu eta kooperatu dezaten, interes desberdineko ordezkariak eta negoziatzaileak elkarretaratzeak eta norabide berean begiratzen jartzeak badu balioa. Balio sinbolikoa bada ere.
Negoziazio hauen eredutzat hartzen da 1980ko hamarkadako ozono geruzarena. Ozono osagaien debekuaren aurka zegoen industria, erabat. Baina enpresa handienetako batek ozono produktuen ordezko bat asmatu zuenean (lehiakortasun abantaila eman ziezaiokeena), negoziazioak arin bideratu ziren arrakastara. Berotegi efektuko isurien kontrola askoz ere konplexuagoa da, iturriak (eta gasak) hainbat direlako. Bi errudun izendatzekotan, ikatza eta garraioa lirateke. Ikatzarengatiko isuriekin ez dakit zer gertatuko den. Baina garraioan paralelismoa gerta zitekeen neurri batean. Auto elektrikoen negozioa emankorra dela ikusita, industriaren lobbya gradualki eraldatu daiteke. Gero, teknologia berriaren hondakinak kudeatzeke geldituko dira, ekonomia zirkularrak kimera baitirudi.
COP26tik espero dezakeguna isuriak murrizteko promesak dira, baikor izanik, 2030.erako gutxitze nabarmenak eta 2050erako net zero. Parisen akordatu zen neurri boluntario hau, Kyoton adostutako derrigorrezko murrizketak betearaztea zaila suertatu zelako. Negoziazioen beste emaitza positiboa, nekez lortu zitekeena, nazioarteko karbono merkatuak arautu eta bateratzeko aurrerapausoak litzateke.
Tik-tak-tik. Bost egun falta dira. Garaiz gaude oraindik uholdea leuntzeko, hondartzaren parte bat mantentzeko, uztak ez bakarrik salbatu, baizik eta hazitakoaren aniztasuna (eta bazkarien zaporeak) bilakatzeko—egokitzapenerako ahaleginak onura gehigarriak ekar baititzakete. Horretarako, eta Gretak ere esan bezala, denon iritzien eta hitzen presioa ezinbestekoa da. Nahi genituzkeen emaitzak lortuko ez badira ere, bilera honen ondoren denon lana jarraituko du. Hau bidean pauso bat besterik ez da.
PENTSALDIAN
Bost egun klimarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu