Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Bizialdi osoan ikastun

2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun

Gizartea aldatzen ari da, eta horrek eragin zuzena du gu guztiongan. Erronka sozial, ekonomiko eta ekologiko konplexuei erantzun beharko diegu geroz eta aldakorragoa, ziurgabeagoa eta konplexuagoa den testuinguru honetan. Adostasun zabala dago gizarte horretan bizitzeko behar ditugun gaitasunak garatzeko hezkuntza paradigma ere errotik aldatu beharra dagoela. Zentzu horretan, proposaturiko aldaketa nagusietako bat izan da ikaskuntza kontzeptuaren zabaltzea ume-gaztarotik bizialdi osora.

Lifelong learning edota bizialdi osoko ikaskuntza, hasieran, batez ere gizakion langile rolari lotzen zitzaion, eta rol horretan izandako aldaketa bati erantzutera zetorren. Ofizio batetik bestera joan-etorrian aritzea ohikoagoa da gaur egun lanpostu berean urte luzez egotea baino, eta Europako Batzordeak argi dio pertsona orok eskubidea dugula lan-merkatuko trantsizio horiek ahalbidetuko dituzten gaitasunak mantentzeko edota eskuratzeko.

Interesgarria da, esaterako, birprofesionalizatzeko gogoak bultzatuta unibertsitateko gradu eta masterretan matrikulatua dagoen pertsona helduen kopurua. Ez dugu erronka txikia asmatzen ikasle berri horien bizi-esperientziak nola integratu eskainiko diegun ikaste-esperientzian. Beste kasu askotan, ordea, lan-merkatuko trantsizioa ez da borondatezkoa. Bizi dugun osasun krisiak eragindako krisi ekonomikoa aurretik ere ziurgabea zen egoerari gehitu zaio. Oraingoaren neurria aurreikusten zaila da, baina argi dago milaka pertsonari eragingo diola modu batera ez bada bestera. Esan beharrik ez dago askorentzat lan-merkatuko trantsizioan lan baldintzak okerrera egiteko arriskua ere handia dela. Kasu honetan ere, gizarteko pertsona zaurgarrienak izango dira kaltetuenak hezkuntzarako eta kulturarako eskubidea eta aukerak modu eraginkorrean bermatzen ez baditugu.

Bizialdi osoko ikaskuntzak, alabaina, badu azpimarragarria iruditzen zaidan beste alderdi bat ere. COVID-19ak eragindako testuinguru honetan, aurretik gutxitan moduan, herritarroi eskatu zaigu geure burua eta ingurukoena zaintzeko kontzeptu zail eta konplexuak ulertzea, barneratzea eta horren arabera jokatzea. Mikrobiologo, epidemiologo eta soziologoak bazkalosteko tertulietan entzun ditugu kutsatze faktore, txertoen ezaugarri edota praktika sozialen inguruko azalpenak ematen. Horien ondoan, fake news fenomenoaren indarra ere argi agertu da, eta zientzialarien esanek bidea ireki behar izan dute bestelako berri eta iritzien artean. Testuinguru nahasi honetan, argi geratu da zeinen garrantzitsua den herritarrok konplexutasuna ulertzeko bitartekoak eta ezagutzak izatea.

Bizialdi osoko ikaskuntza ulertzeko modu honek eskatzen du lehentasun bihurtzea ikasteko beharra, eta grina sustatzea. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukerak eta espazioak herritar guztioi irekita egotea ezinbesteko baldintza izango da ikaskuntza berdintasunerako tresna izan dadin eta ez gizarte-arrakalak sakontzeko bide. Espazio formal eta ez formalek, hezkuntza erakundeek, komunikabideek, sare sozialek, kultur eragileek… gutariko bakoitzak badu egiteko horretan zeresana eta zeregina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.