Koronabirusa. IRITZIA

Bizia arriskatzea ez da betebeharra

Ane Pescador.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Martxoaren 19a da. Iluntzea. Albistegietan oihartzuna izan du Basurtuko erietxean koronabirusagatik hildako erizainaren berriak.

Ekintza heroiko gisa aipatua izan da batzuen ahoetan: «Birusaren kontra lanean jardun da, bere bizia arriskuan jartzen zuela jakinda». Lehendakariaren eta Osasun sailburuaren doluminak hurrena.

Eta aspertu naiz, nazkatu naiz, goi agintarien esker hitz hutsak entzuteaz. Erizainok, osasun profesional orok bezala, badakigu zein den gure eginkizuna krisialdi egoera honetan. Eta bokazioz edo lanak ematen digun erantzukizunez, gustura eta arduraz ekiteko prest gaude aurrez aurre dugun osasun larrialdiko egoera honetan.

Badakigulako gure eginkizuna dela, gure betebeharra. Baina ez, ez da gure betebeharra «gure bizia arriskuan jartzea», hori ekiditeko babes neurriak izan badirelako, baina ez ditugu eskuragarri, ordea.

Barrua jaten ari zaidan amorru honetatik, agintariei helarazi nahi diet osasungintzako profesionalok dagokigun erantzukizunarekin ekingo diogula krisialdiari, baina ez dugula haien arduragabekeria estaliko duen hitz hutsik nahi. Ekintzak eta babes neurri egokiak nahi eta behar ditugu.

Eta, bestetik, honen amaiera heltzen den unean, ez ditzagula ahaztu geure agintarien arduragabekeria guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.