enekoitz esnaola
Euskal estatuari buruzko galdeketak. Analisia

Bidea egiten utzi

2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren botoekin, erabakitzeko eskubidearen eta biharko herri galdeketen aldeko ebazpen bat onartu izana aurrerapausotzat jo daiteke burujabetzaren bidean. Elkarrekin osatu zuten ebazpena. Dena dela, abertzaletasunaren bi eremu soziologikoetako ordezkari politikoek lehen ere urratu izan dute biderik, eta ez da emaitzarik izan.

Lizarran eta Garazin ibilaldi bat egin eta Ibarretxe planak Madrildik bueltan paralisia pairatu ondotik, EAJko eta ezker abertzaleko emakumeek beste batzuekin batera Ahotsak-en sorreran plazaratutako adierazpena garrantzitsua izan zen (2006-04-08), 2. puntuan gatazka politikoaren konponbidearen mamira joateaz gain 3.ak Espainiako Estatuarekin balizko akordio bat egiteko balio baitzezakeen: «2. Proiektu politiko guztiak defenda daitezke eta defendatu behar dira, bat bera ere inposatu gabe. Bide politiko eta demokratikoak erabiliz, baldintza berdinetan, proiektu politiko guztiak garatu eta gauzatzea bermatu eta ahalbidetuko duen eskenatoki demokratikoa bilatu behar da.3. Euskal gizarteak, Euskal Herriko hiritarrek, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitakoa errespetatua eta gauzatua izan dadin eta, beharrezkoa balitz, erabaki honek lege araudian bere isla izan dezan».

Ildo horretan, 2006ko ekainaren 29an, Zapatero Espainiako gobernuburuak pauso ausarta eman zuen adierazpen instituzional batekin —«(...) esan nahi dizuet gobernuak errespetatu egingo dituela euskal herritarrek askatasunez, legezko arau eta prozedurak, metodo demokratikoak eta herritarren eskubide eta askatasunak errespetatuta eta inolako indarkeria eta mehatxurik gabe hartutako erabakiak»—, adierazpenari behar bezainbesteko arrandia eman ez arren Kongresuko prentsa aretoan irakurri baitzuen, eta ez osoko bilkuran —orduan jadanik aipatu zen detaile hori—. 2006ko urriaren 31n, Loiolan, EAJk eta Batasunak, PSErekin, behin-behinean hitzartu zuten Ahotsak-en adierazpenaren antzeko izaera zeukan dokumentu bat.

ETArenak bukatu ziren, etaestatuarekin akordioa lortzeko saiakerak eman du eman beharrekoa, ustez; Katalunia adibide.

Bitartean, EAJk eta EH Bilduk irismen garbirik gabe jarraitzen dute estrategikoki. EH Bilduk aldebakartasunari heldu nahi dio,bakarrik dela. EAJk, aldebikotasunari, bestaldean inor ez duela. Bada ere, erabakitzeko eskubideaz biek instituzioetan urteotan lortu dituzte akordioak, eta bistan da azken hiru ebazpenen erredakzioan erdietsi dutela formula bat:

- 2015eko apirilaren 30a, Eusko Legebiltzarra: «1. Euskal Herriak subjektu politikoa osatzen du, etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatua izateko eta demokratikoki adierazten duen borondatea errespetatua izateko eskubidea eta gaitasuna dituena».

- 2015eko urriaren 8a, Eusko Legebiltzarra: aurreko puntuaren berdina izan zen.

- Herenegun: «1. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazen duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna babesten dutela aldarrikatzen dute».

Sare sozialetan berriki Arnaldo Otegi ikusi dugu Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika leitzen. Idazleak dio «komunitate batek, elkartasun minimo bat mantendu nahi badu, hitzak konpartitu» behar dituela. Euskal abertzaleen komunitateko bi indar politiko nagusiek sikiera hitzak partekatu dituzte ebazpen haietan. Baina, oraingoz, ez daude gehiagorako. Ikuspuntu desberdinak dituzte; adibidez, Madrilek ezezkoa ematen duen kasurako. Herri ekimenari bidea egiten uztea dagokie, eta giroa ez lardaskatzea. Sortu da atmosfera hori orain, herri galdeketekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.