Arkaitz Zarraga Azumendi.
21. Korrika. Helduen euskalduntzea. IRITZIA

Bide luzea egiteko

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Korrika 1980an sortu zen! 21.ean parte hartuko duten gehienak ez ziren. Garai biziak ziren, ekimentsuak, ausartak eta, batez ere, intuizioz beteak. Intuizioz sortu ziren euskaltegiak ikastolekin batera. Biziberritze prozesuetan joera dago hizkuntzaren berreskurapena umeen bizkar uzteko. Umeek ikasi eta bihar-etzi erabili egingo dute. Baina umeek nagusien mundua dute erreferente. Beraz, eskolak muga argiak ditu biziberritze prozesuaren zamari bakarrik eusteko. Gurean ikastolak eta gau-eskolak eskutik abiatu ziren, ikuspegi argiz.

Euskaltegiek hainbat eta hainbat herritar euskaldundu dituzte, gero euskal komunitatean erreferente izan diren asko tartean. Ekimen ugari sortu, eta kultur sorkuntza bultzatu dute. Metodologietan ere intuizioa, prestakuntza eta eraginkortasuna izan dituzte ezaugarri. Glotodidaktikaren joera berrietara egokitzen asmatu dute, zailtasunak zailtasun.

Baina umeen euskalduntzea askoz gehiago garatu da. Euskaltegiena ez da sektore lasaia izan, eta, hainbat gatazka historiko tarteko, behar bezala garatu gabe daude hainbat arlotan. Eta gauzak aldatu badira ere, zenbait ondorio agerian daude, eta oztopo dira. Protagonisten hitzetan, egituraketa ez da egokia, azken bi hamarkadetan alderdi pedagogikoa teorian baino ez dugu landu, eta ikuspegi estrategikoa ere apur bat galduta dugu.

Bada, hobe dugu intuizioa findu, ezagutza zorroztu eta baliabideak emendatu egoerari buelta emateko, lan itzela dago eta. Azaroan topaketa sakona egin genuen Euskaltzaindiaren altzoan, eta UEUn prest gaude aletxoa jartzeko. Erronka asko ditugu aurrean.

Askotan zaila da euskaraz bizitzea aisialdian, lanean, kirolean... Ikasle askok euskaltegian baino ez dute euskara erabiltzen. Lanean, lagunartean, testuinguru jakinetan... erdaraz. Esparru horietan egon behar gara euskaltegiak, txertatuta, ikasleek benetan egin beharko dituzten zereginetarako entrenatzen eta motibatzen. Horretarako trebakuntza saioak eta modulu berriak behar ditugu. Baina erabakiak hartu eta irakasleak eta materialak prestatu behar dira.

Indarra erabileran jarri behar dugu, batez ere ahozkoan. Baina gure irakaste moduek idatzia dute oinarri, eta ez da erraza txipa kentzea, ez intuizio hutsez behintzat.

Zerbait aldatu bada Korrikaren hasieretatik, komunikatzeko moduak eta tresnak dira. Egungo baliabideak irudikatu ere ezin genituen egin Korrika hasi zenean. Horiei fruitu goxoenak atera behar dizkiegu, ikasleek ikasketa formala eta informala uztar ditzaten, eta euskal komunitatearekin benetako elkarreragina izan.

Aurrera begira, glotodidaktika arloan eskolak dituen erronka berberak ditugu: ahozkorako pausoa, motibazioa, erabilera, programazio soziodiskurtsiboak, teknologiaren erabilera, kultur kontsumoa... Baita lan mundua euskalduntzea ere; izan ere, Lanbide Heziketa eta euskaltegietan jorratzen ditugun trebakuntza planak erabat bateragarriak dira.

Euskaltegietatik inbidiaz begiratzen diegu. Gabeziak gabezia, hainbat proiektu egin dituzte, formakuntza planak dituzte, eta baliabideak: berritzeguneak, Irale, formakuntzarako orduak, material ugari... lan-baldintzak ere bai.

Horietako asko euskaltegiek ere baliatu eta osatu beharko lituzkete. Bi sektoreen arteko harremana naturala izan beharko litzateke, askoz ohikoagoa eta elkarren osagarri, bai material asko parteka dezakegulako (Korrika, bikain), bai hiztun komunitatea trinkotzen lagunduko lukeelako. Gaur egun, ordea, eskolek eta euskaltegiek gutxi eragiten diote elkarri.

Korrika da salbuespenetako bat. Korrikaren bitartez, helduen euskalduntzeak eragin zuzena du ume eta gazteengan. Korrikak eskola guzti-guztiak zipriztintzen ditu. Munduko beste eskola askotaraino ere heldu dira zipriztinak. Mundura esportatu dugu produktua da. Eutsi diezaiogun Korrikaren izpirituari. Zorionak eta eskerrik asko AEKri kilometro bakoitzagatik. Bide luzea dugu egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.