Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Betikora bueltatzea, noizko?

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ezustean harrapatu gintuen lehenengo olatuak. Etxean bi aste konfinatu behar ginela esan zigutenean, orduan hasi ginen ulertzen zeozer handia zetorkigula gainera. Dagoeneko sei hilabete pasatu dira, eta norantz goazen hausnartzeko momentu aproposa izan daiteke.

Orain arte dakigunaren arabera, COVID-19 gaixotasunak %1 inguruko hilgarritasuna du, eta ospitalizazio tasa, %7 ingurukoa. Asintomatikoak %50 edo gehiago dira; eta sintoma arinak dituzte beste %40ek edo.

Sentsazioa daukat egunero antzemandako kasu berrien zenbakien dantzak, non gauden argitu baino gehiago, nahastu egiten gaituela. Gainera, udaberrian Hego Euskal Herrian 20.000 positibo PCRz detektatu ziren arren, orain dakigunaren arabera guztira 140.000 kutsatu izan genituen lehenengo olatuan; horietatik 2.000 baino gehiago hil ziren. Gaixotasun honen epe luzeko ondorioei buruz oraindik ia daturik ez dugun arren, hasiak gara entzuten han eta hemen zenbait istorio. Denborak emango digu kasu horien zabalkundearen neurria.

Momentuz, bigarren olatuan 30.000 kutsatu baino gehiago atzeman dira Hego Euskal Herrian. Eta, hasieran gehienak asintomatikoak zirela entzun genuen arren, kasu larriak hasiak dira pilatzen. Sortu zaigun egoera honi aurre egiteko zenbait bide ezberdin har genitzake herri gisa. Orain arte aukeran izan ditugun bi nahiko nituzke mahai gainean jarri.

Zenbaiti ziur burura etorri zaizuela galdera hau: «Eta denak kutsatuko bagina, apropos, lehenbailehen pandemia hau atzean uzteko?». Dakizuenez, Hego Euskal Herrian 2,8 milioi pertsona inguru bizi gara. Beraz, bide hori hartuko bagenu, 28.000 pertsona hilko lirateke aste gutxi batzuetan, eta 200.000 pertsona inguru ospitaleratu beharko lirateke. Sistema sanitarioak ez du horrelako gaitasunik, eta kolapso totala sortuko litzateke. Kolapso horrekiko izua izan zen, dudarik gabe, martxoko konfinamenduaren oinarri nagusia.

«Ados, orduan, denok bat-batean kutsatzea ezinezkoa bada, gaur egungo erritmora jarraituta, noiz bukatuko litzateke hau?». Azkeneko asteetan egunero 1.000 kutsatu inguru izan ditugu Hego Euskal Herrian. Kutsatze tasa hori egonkortuz gero, espero zitekeena —goian aipatutako portzentajeekin— hasia da gertatzen: egunero dozenaka ospitalizazio eta hamar hildako inguru. Zenbaki horiek testuinguruan jartzeko: gurean beste arrazoi guztiengatik batera eguneko batez besteko hildakoen kopurua 70 pertsonakoa izan ohi da.

Txertorik eta tratamendurik lortu ezean, edo lortu arte, egunean Hego Euskal Herrian 1.000 pertsona kutsatzeko abiadura honekin, beste 2.500 egun (edo sei urte inguru) pasatu beharko lirateke pandemia hau guztiz gainditzeko. Denbora hori txertoen bitartez murrizteko esperantza dago noski, baina eraginkorra izango den txerto bat lortzeko, ikerkuntzak bere denborak ditu. Are gehiago, kontua ez da bakarrik txertoaren garapena; gero mundu mailan ekoizpen globala ziurtatzeko erronka ere ez da makala, eta entzuten hasiak gara agian lau urte beharko direla populazio osoari dosi bana eman arte.

Ez dezagun amore eman, ezta iparra galdu ere. Baina argi izan behar dugu hau ez dela epe motzeko kontua izango. Has gaitezen lehenbailehen argi izaten hori, tokatu zaigunari arlo ezberdinetatik herri gisa ahalik eta era hoberenean erantzun eta aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.