2009an, Garzon epaileak hamar lagun atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu zuenean —tartean, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez—, Euskal Herrian denok genekien Genova kaleko bulegoetan hartua zela erabaki hori; argi eta garbi zegoen, ostera ere, zein independentea den botere judiziala, zeinaren goi kargudunak politikariek aukeratzen baitituzte. Eta ez da nik esana: Aznarrek berak bota zuen, 1998. urtean, harako "zer uste zuten, ez ginela ausartuko, ala?" hura, justu Egin egunkaria ixteko agindu eta gero; Garzonek eman zuen agindu hura ere —kasualitate ote?—. Halabeharrak ekarritako beste kasualitate bat: 2009an, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen ez zegoela inolako arrazoirik hura ixteko. Horra eraso zuzen-zuzena Espainiako botere judizialari hainbeste famatzen zaion independentzia horren kontra.
Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez eta Arnaldo Otegi espetxean sarturik, helburu bakarra ez zen ezker abertzaleak bide baketsu hutsen alde eginiko apustu estrategikoa geldiaraztea: beste jokaleku bat sortzea eragotzi nahi zuten, bestelako jokaleku horretan erabakitzeko eskubidea ez baitzen beti baldintzaturik egongo borroka armatuaren existentziaren arabera. Ezker abertzalearen transatlantikoak, bira zail hori egiten ari zelarik, alor judizialeko izozmendiak aurkitu zituen aurrez aurre, eta, batez ere, Espainiako flota politiko guztiaren bira are zailagoa aurkitu zuen: hark erritmoa markatzen eta egoeraz baliatzen segitu nahi zuen. Hala, 2011ko irailean kondenatu egin zituzten, ETAren egiturak berregitea leporatuta, eta hilabete geroxeago, urriaren 20an, ETAk iragarri zuen bukatua zela borroka armatua. Halako ironiarik!
Ikusten dugunez, erabaki politiko batek berekin ekarri zuen bost lagun preso sartzea, justu egiten ari ziren horren kontrakoa egotzirik; hori ikusi, eta euskal herritar asko eta asko eskaka aritu dira kartzelan bidegabe sarturiko haiek aska zitzaten. Nazioartean ere oihartzun handikoa izan da erantzuna, eta hainbatek eskatu dute Otegi eta Diez askatzeko: Mujica, Lugo eta Zelaya latinoamerikar presidente ohiek; Maguire, Perez Esquivel eta Desmond Tutu Nobel saridunek; Chomskyk, Alice Walkerrek, Angela Davisek, Julio Anguitak, Carod Rovirak, Tardak eta Teresa Rodriguezek; PSOEko kide Egigurenek eta Madinak... Garzon epaileak berak ere eskatu du, Europako Parlamentuko ezin konta ahala alderdik bezala.
Ahal Dugu-n ere, askok pentsatzen dugu funtsezkoak izan direla 2009. urte urrun hartatik hona ezker abertzaleko sektore garrantzizko batzuek emaniko pausoak, eta pauso horiek modua eman dutela Euskal Herriko bizimodu politiko eta soziala normala izan dadin; horri esker, orain indar politikoek egin ditzakete duela hamar urte ezinezkoak ziren hitzarmenak. Askok pentsatzen dugu elkartasuna adierazi beharra geneukala, bidegabekeria bat egiten ari zirelako, eta, beraz, salatu beharra geneukala, aldaketa politiko eta sozialerako eragile garen aldetik. Giza eskubideak ez dira negoziatzen, ez dira ematen: gizaki orori dagozkio, berez.
Zorionez, Otegi aske geratu da, eta Sortuk berriro izango du modu demokratikoan aukeratu zuen idazkari nagusia; EH Bilduk bere eragilerik garrantzizkoenetako bat berreskuratuko du. Hala, Euskal Herriak ere beste pieza bat berreskuratuko du puzzle politiko eta sozialean, sekula hautsi behar ez zen horretan. Eta beste familia batek modua izango du barre egin, juntatu, elkar besarkatu eta maitatzeko, epaileak tartean sartu gabe. Nik neure egiten dut Otegiren esaldi hau: "Bakearen eta bide politikoen alde egitea delitua baldin bada, ni ere errudun". Rafa Diez noiz askatuko zain, besarkada bat, eta elkartuko gara bidean.