mikel p ansa
Hizkuntz eskubideak. Behatokiaren urteko txostena. Analisia

Beste olatu bat

2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Urteak badoaz, eta gero eta argiagoa da berreuskalduntze estrategiek goia jo dutela. 1960-70eko olatuak ekarri zituen kultur pizkundea, euskararen estandarizazioa, alfabetatzea, ikastolak... Mendeetan atzera egin zuen euskarak, lurraldearen gehienean galdu zen; 1960ko olatu hark lortu du maldan beherako tendentziari apur bat eustea. Eustea, ezen ez joera irauli eta gorantz jartzea. Ipar eta ekialde gehienean gain behera jarraitzen du; Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban emendatu egin da kopurua, baina azken hamarkadan apenas egin duen gora euskararen erabilerak, Inkesta Soziolinguistikoak azalarazi duenez.

Euskaltegietan goia jo zuen ikasle kopuruak. Hezkuntzak bere mugak agertu ditu. Eta legezko babesak ere ezer gutxirako balio du. Edo hori erakusten dute, bederen, Behatokiak urtez urte jasotako kexek. Administrazio publikoak pilatzen ditu, izan ere, kexa gehienak. Joera iraultzeko borondaterik edo ahalmenik ez du Jaurlaritzak; Euskararen Legea eta ofizialtasunaren aitortza gorabehera, euskal hiztunek horma baten kontra buruarekin kolpeka jarraitzen dute administrazio publikora jotzen duten bakoitzean, beti galdera bera eginez beren buruei: «Aurreko horrek jakingo ote du euskaraz, edo erdaraz hasi beharko ote natzaio?». Adibide pare bat: Osakidetzak, lanpostuak emateko, jaitsi egin du euskara ezagutzearen balioa; euskaldunak identifikatu eta euskararen erabilera sustatzeko tresna bat enkargatu eta, gero, erabiltzeari uko egin dio Osasun Sailak.

Nafarroako egoera begien bistakoa da; diru laguntzak xuhurtzearen eta eskubideak lurralde eremuaren arabera murriztearen ondorioak zein diren azaldu beharrik ez dago. Euskararen presentzia ezabatzeko «politika planifikatua» du UPNren gobernuak, Garbiñe Petriatik salatu duenez. Eta Ipar Euskal Herrian euskara oroitzapen bihurtzeko bidea hartzen ari da.

Enpresa pribatuek ere badute zer egina, baina eremu publikoko erakundeek erantzukizun argiagoa dute. Eskubideez ari dira euskaldunak, eta administrazio publikoari dagokio eskubideak begiratzea. Baina zer mezu ematen ari dira administrazio publikoak herritarrei eta eragile pribatuei, legeak betetzeko eta betearazteko modurik egiten ez badute? Euskarak, bistan da, legezko den eremuan ere apaingarri izaten jarraitzen du.

Mendeetako galerari buru egiteko, euskalgintza sortu zen duela mende erdi. Olatu hark irauli zuen joera. Baina inoiz goraka hasiko bada, beste horrenbesteko ahalegina egin beharko dute euskal hiztunek. Bestela, jarraituko du Behatokiak, berriz ere, herritarren kexak jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.