Idurre Eskisabel Larrañaga.

Beste mundualdi bat euskaldunontzat

2023ko ekainaren 15a
15:53
Entzun

Hogei urte eta mundualdi oso bat. Horixe da BERRIAk euskaldunoi kontatu diguna. Kontatu dizkigu XXI. mendeko lehen bi hamarkadak, xeheki: mendebalde hurbilak ekialde urrunetan egindako gerrak; etxeko ekonomiak gerrako bihurtu dituzten kapitalismoaren krisiak; etxea gerra dutenen Mediterraneoan barreneko ihesaldi itogarriak; ETAren borroka armatuak ezaugarritutako hamarkada luzetako ziklo politikoaren amaiera; amaierarik ez duen emakumeen kontrako gerra; feminismoaren loraldi bat; Lurraren ihartze azeleratua; garapen ustezkoaren zorua hankazgoratu zigun arren dagoneko ahaztua dugun pandemia bat...

Kontatu dizkigu, halaber, jada gure hezurdura emozionalaren parte diren liburu, disko, bertso, film, antzezlan, dantza, margolan, eskultura eta osterantzeko kultur artefaktuen erditze eta ibilerak. Kontatu dizkigu munduarekin ez ezik geure buruarekin dugun harremana moldatzen ari zaizkigun trepeta teknologikoen nondik norakoak, eta mundu berri horren bidezidorrak. Eta, nola ez, kontatu dizkigu gutxitutako hiztun komunitate baten poz eta minak, barne amodio eta haserreak. Finean, mundualdi oso bat, hogei urtean.

Baina kontatu ez ezik, BERRIAk euskaldunoi mundualdi hori eskaini egin digu: egin, eragin, sortu eta eman. Mundualdi baten berri emateak eskatzen baitu aurretik ez zeuden hitzak asmatzea, edo zeudenei esanahi berriak ematea, ikuspuntu, ideia eta kontzeptu berriak mamitu eta gorputzetara ekartzea. Eta, eskatzen du, hori guztia garaian garaiko jendarte egiturei egokituta eta gailu teknologikoetan gertatzen diren aldaketekin sinkronian egitea.

Komunitate batek, berriz, izaten segituko badu, ezinbestekoa du mundualdi baten kontakizuna partekatzea, eztabaidatzea, jostea zein urratzea. Are eta beharrezkoagoa gurea bezalako hiztun gutxituen komunitate batek, existentzia onetsirik gabeko herri batek. Hortxe, beraz, BERRIAk euskaldunoi egin digun eskaintza handia: Euskal Herria eta mundua kontatu dizkigu, baina bereziki, Euskal Herria, euskaldunon komunitatea, mundu egin digu; mundualdi baten ardatz, izaten jarraitzeko arnasa.

Beste era batera esanda, oinarrizko herri zerbitzua eskaini digu euskaldunon komunitateari, funtsezko lan soziala, ezinbesteko funtzio publikoa. Eta, hala eta guztiz, funtzionarioen baldintzetatik urrun prekaritatea zer den ederki asko dakite BERRIAko lantaldeko kideek. Sortzetik beretik. Izan ere, BERRIA eta eskaini digun mundualdia ulertzeko ezin ahaztu Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera muturreko indarkeriaz gauzatu eta gezurrez elikatua izan zuela ernamuin, haren oinordeko dela. Euskaldunon komunitateari herri zerbitzua eskaintzea delitu bakar.

Beharbada, bortxaren izugarriak markatuta itxiera hura gogoan dugu oraindik. Ahaztu egiten dugu, ordea, BERRIAko lantaldea norbere buruarentzako diru probetxua ateratzearen logika hegemonikotik oso aparte aritu dela hogei urtean. Halaxe dabilela, haize kontra. Are, normalizatuta daukagu gainerako sektoreetan gutxienekotzat jotzen ditugun lan baldintzak (justizia osoz, bestalde) lorpentzat hartzea euskarazko hedabideetan, eta orokorrean, euskalgintzako hainbat arlotan. Normalizatu egin dugu osterantzeko sektoreetan ehun produktiboari edo kohesio sozialari eusteko diru publikoaren birbanaketa ezinbestekotzat jotzen dena dirulaguntza ia xahutzaile gisa aurkeztea euskaldunon komunitatea elikatzeko denean. Ez da erraza baldintza horietan proiektu eta lan talde sendo bati eustea. BERRIAk oraingoz lortu du, baina argi ibili behar dugu, eremua gero eta lehorragoa baita hedabideentzat, gero eta lehorragoa norbere probetxuaz besteko xedeak eskatzen dituzten proiektuentzat.

Eta datorren mundualdiari ekiteko gurea bezalako gutxitutako hiztun komunitate batek inoiz baino beharrezkoagoa du BERRIA. Munduarekin zein geure buruekin harremanean izateko egitura eta moduak goitik behera eta abailan itzulikatzen ari diren garaiotan sekula baino premiazkoa dugu mundua kontatu ez ezik mundu egingo gaituen ahotsa. Mundualdi baten ardatzean jarriko gaituena, mundualdi bat eskainiko diguna.

Handiak baitira datozen erronkak: hizkuntz praktika eta hautuak gero eta konplexuagoak dira, gaztelera eta frantsesa ez ezik, ingelesa hizkuntza bizi eta gorpuztua dugu belaunaldi berrien egunerokoan. Halaber, jendarteko hartu-emanak ulertzeko eta bizitzeko modua aldatzen ari dira digitalizazioaren ildoan, komunitatearen ideia bera lausotzeraino. Beraz, kemen eta inteligentzia handiak behar ditugu itsaso hau behar bezala nabigatzeko, beste mundualdi bat euskaraz bizi ahal izateko. Euskalgintza askotariko honetan aspaldion ahots bateratuz esaten ari garen moduan, euskararen aldeko politiketan jauzi bat egiteko garaia da. Eta BERRIA lagun behar dugu horretan.

Txarrena da gure indar guztia aurrera begirako erronka horiei heltzera bideratu beharko genukeen honetan iraganeko uste genituen mamuak bizi-bizi agertu direla berriz, batik bat oldarraldi judizialaren forman. Baina iragan maiatzaren 10ean Bilbon egindako agerraldi jendetsuan azpimarratu genuen bezala, judiziala ez ezik, mediatikoa ere bada oldarraldia. Horrenbestez, honetan ere, hurbileko konplize behar du euskaldunon komunitateak BERRIA, oldarraldi horren olatuan isurtzen ari diren gezur sozialak deseraikitzen, hizkuntz politiken gaineko hausnarketa eta eztabaida zentzuzko, arrazoitsu eta eraikitzailea bideratzen.

Ez dakit hamar urte barru paperezko egunkaririk izango dugun. Baina badakit euskaldunon komunitatea izango bagara BERRIA (euskarria eta forma edozein duela ere) izango dugula, beste mundualdi bat izan dezagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.