Pastor
DARWIN ETA GU

Beste aldekoak

2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Beste aldekoak beste aldekoagoak gara aste honen hasieratik. Sanchezek eta Macronek muga non dagoen gogorarazi digute. Eta krisi garaietan benetako boterea nork duen. Nazio-estatua bukatua zela esaten zuten, baina koronabirusa hura indartzera etorri da: mugak badaude. Betikoak. Espainiak eta Frantziak ezarriak eta kontrolatuak, besterik ez genuen behar.

Muga psikologikoa dago bi aldeetako euskaldunon artean—nire irudipena da 80ko urteetan baino handiagoa dela—. Eta orain muga fisiko aktiboa jarri digute berriro. Esan poliziei Lapurditik Gipuzkoara joan nahi duzula. Frantziatik Espainiara pasatzea debekatuta dagoela erantzungo dizute. Nazio-estatu ustez hila berpiztu da bat-batean. Ainhoako neskak Berako mutil-lagunarekin egon nahi du? Han lan egiten badu, ondo. Bestela, ez. Oiartzuar batek Sokoako amorantearekin igaro gura du koarentena balsean, Donibane Lohizuneko hondartzako uhinen konpasean? Gozamena mingostuko diote, agiri frantsesik ez badu.

Politika egiteko unea ez dela esan dute. Elkarrekin egin behar dugu lan. Ados. Baina nola? Frantsesek frantsesekin; espainiarrek espainiarrekin. Euskaldunok? Historiak, patuak edo dena delakoak ipini gaituen aldeko beste herritarrekin. Zergatik bururatzen zaio bizkaitar bati lapurtar batekin ibiltzea? Huelvan ezin aurkitu bikotekidea? Zer dela eta dabil Baigorriko neska bat Erratzuko beste batekin, eta ez Lilleko andre batekin? Orain ezin du muga zeharkatu harekin konfinamendua pasatzeko. Espainiak neurri hori kenduz gero, penintsulan barrena mugitzeko eskubidea izango du Erratzuko lagunak, baina ez du bikotekidea bisitatzeko modurik izango Frantziak muga ireki arte. Eta kexatu egingo da. Euskaldunak arazoak sortzen beti.

Politikarik ez egiteko diote, eta politika egiten ari dira: 155 sanitarioa ezarri digute; boterea zentralizatu, Armada bidaltzeko agindua eman, militarren ustezko balioak goraipatu —erantzukizuna eta sakrifizioa soilik haien ondarea izango balira bezala—. Beraiek erabakitzen dute zer egin behar den. Gasteiz eta Iruñea Madrilen sukurtsalak dira. Lankidetza ez dela inposaketa esan du Iñigo Urkulluk. Ados. Lehendakaria estatuaren ordezkari gorena dela ere adierazi du. Bai, baina zer estaturen ordezkaria? Noren baimena behar da lurraldea ixteko? Nork du azkeneko hitza? Lurraldearen kontrola duenak: metropoliko gobernuak.

Utz bazterrean txorakeriak eta ameskeriak. Orain gauza behar-beharrezkoak, nahitaezkoak dira inportanteenak. Frantziako lehen ministro Edouard Philippek zehaztu du: zinemara edo antzerkira joatea, aisialdia kontu «ez-nahitaezkoak» dira. Charlie Hebdo aldizkariak politikaria kritikatu du bere editorialean: neurri horiek ondo hartuta daude, kultura sakrifikatu den arren. Alta, igandean bozkatzera joatea nahitaezkoa zen? Zergatik? Hori ez al da politika egitea? «Soilik udal hauteskundeak mantendu dituzte, bestela pentsa zitekeen subiranotasun nazionalaren adierazpena ere 'ez-nahitaezkoa' zela», salatu du, zorrotz, hedabideak.

Subiranotasuna. Ahaztu beste koplak. Espainiak Armada jarri nahi du lanean gurean —lanean agerian, hemen beti baitago jardunean—. Gauzak argi utzi nahi izan ditu Defentsa ministroak: «Hau ez da lurralde arazoa, osasun arazoa baizik». Ez. Hau lurralde arazoa da, eta subiranotasun kontua. Osasun arazoa? Zergatik ez doaz Hendaiara, bertako geltokia desinfektatzera? Han beste subiranotasun bat dagoelako: Frantziarena.

Muga pasatzea errazagoa zen sasoian ariketa soziologiko dibertigarria izaten zen igandeetan Donibane Lohizuneko hondartzaren ondoan paseatzea. Hegoaldeko mutila eta Iparraldeko neska hor zebiltzan. Gogotik trufatzen zen neska: «Kasu, handik datozen bikoteak beste aldekoak dira». «Zergatik?». «Hiru gizonak aitzina doaz solasean eta hiru emaztekiak gibelean».

Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak? Bai, zoriontsuak gara. Zoriontsuak edo. Zoriontsuak eta inoiz baino beste aldekoagoak. Ez-nahitaezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.