Oraindik bizirik zaudela idazten dizut, Joan Mari, zure ibilbideak nigan utzitako arrastoen bila. Azkena, joan den astekoa da. Besarkada handi bat bidali nizun WhatsAppez astelehen iluntzean, eta zure izenean inguruko norbaitek bidalitako erantzuna jaso nuen, berehala eta ustekabean. Bizi zenuen egoeraz berehala jabetu nintzen.
Euskal idazleak
Eta lehen oroitzapena etorri zitzaidan gogora, aspaldikoa. 16 urte nituen Euskal idazleak gaur (Jakin, 1977) zure liburu ederra eskuratu nuenean. Ez da beste obrarik horrenbeste eta hainbestetan erabili dudanik esku artean. Garai bateko kronika da, baina balio handikoa, batez ere ikuspegi zabal batekin egina dagoelako. Sasoi hartan, mutiko batek ezagut eta mirets zitzakeen pertsonaien literatura-album moduko bat zen. Orduko literaturgintzako protagonisten berri zekarren, testuz eta argazkiz. Miretsita utzi ninduen eta urtetako bidelagun izan dut. Aurreko garai hondatuekin zubi-lana egin zuten pertsonaiez beterik zegoen, abiatu berri zen belaunaldi berri baten hastapenetan.
Forua eta Euskaltzaindia
Hurrengo oroitzapenak zure jaioterriko Forura narama. 2007. urtea zen, eta euskaltzain izateko hitzaldia irakurri zenuen zure parrokian. Oker ez banago, Euskal Liburutegiaz egin zenuen jarduna. Liburuen inguruan jorratutako zure bizitzan, Liburutegi Nazionalak garrantzi berezia zuen zuretzat, eta gogoeta interesgarria eskaini zenigun. Harrezkero, elkarrekin izan garenetan ere, liburuak, liburugintza eta liburutegiak izan ditugu mintzagai, izan fisiko edo izan digital. Buru-belarri jardun duzu azken urteetan ere proiektu horren inguruko lanetan. Eta bitartean, urtez urte, urteroko liburugintzak utzitako uztaren berri eman diguzu, hutsik egin gabe.
Euskara eta euskaraz
Euskararen militante izan zara, eta hor utzi dituzu jasoak, letraz eta moldez, euskarak historian zehar hartu dituen erasoen eta aurkako diskurtsoen erasoak eta testigantzak. Gaztelaniaz, gainera, norbaitek irakur nahi balitu! Baina bada beste konpromiso bat, hain agerikoa ez dena eta azterketa merezi duena. 2018an, Gipuzkoako Aldundiak Jakin taldeko kide izan zinetenoi eskainitako omenaldian (Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Pablo Agirrebaltzategi eta zu zeu) zeuk hitzez adierazi zenuen. Ideologia eta motorra. Behar den bezala aztertu eta ikertu gabe dago, eta merezi luke azterketa, bertan mamitzen baitira euskararen inguruan eraiki zenituzten eta etengabe mantendu dituzuen gogoetak eta ideologiak. Askok uste baino eragin handiagoa izan dutelakoan nago.
Jakin, Egunkaria, Euskara Batua
Arantzazun ikusi zintudan azkenekoz, 2018an, Euskararen Batasunaren 50. urteurrena ospatzeko Euskaltzaindiak antolatutako biltzarrean. Zeuk eman zenion ahotsa euskarak bere historian izan duen erabakirik garrantzitsuenaren aldarriari.
Euskarak komunikazioaren aroan behar duen presentzia eta gaitasuna beti izan dituzu gogoan. Etengabeko konpromisoa erakutsi zenuen Anaitasuna-n, Jakinen, Euskaldunon Egunkaria-n,... Konpromiso horrek une gazi eta mingotsak biziarazi zizkizun gainera, adibidez, Egunkaria-ren itxiera bidegabe eta bortxazkoan. Eta itxiera hark indarkeriarik okerrenaren atzaparrak ezarri zituen zugan, inoiz gertatu behar izan ez zuen modurik salagarrienean.
Ez zaitut berriro ikusiko, Joan Mari. Ez dut berriro zure hitz gozorik entzungo, ezta zure gizonezko irudi segail eta atsegina begiz ikusiko ere. Baina gogoan dauzkat gorderik zuregandik ikasitakoak eta zure jokabidearen arrazoi ezkutuez galdezka jarraituko dut.
Besarkada handi bat, Joan Mari.
JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak