Nolanahi ere, biltzar patxadatsuegia izango du alderdiak, kontuan harturik Nafarroako foru erakundeak kontrolatzeari utzi diola, ia mende laurden baten ondoren, eta bezero sare bat ehundu ondoren, alderdia, foru administrazioa, leialtasun politikoak eta interes pertsonalak kontrol publikotik kanpoko espazio bakarrean batzeraino; eta kontuan harturik boterearen parte bat galdu duela udal eremuan —batez ere, Erriberan, non feudo handiak galdu baititu, hala nola Tutera—. Ez da hauteskunde porrot bat bakarrik: kolpe emozional bat ere bada. Horrez gainera, Yolanda Barcinaren jardunak eta Caja Navarraren kasuak adoregabetu egin du erakundea. Eta etorkizuna ez da batere itxaropentsua. Hamar urtean, 40.000 boto-emaile baino gehiago galdu ditu: 2003an, boto baliodunen %49,1 zituzten; 2015eko hauteskunde autonomikoetan, %34,3 lortu zituzten. Eta ez dirudi, inondik ere, beherakada amaitua denik. 65 urtetik gorako jende taldearen artean, boto gehien lortzen dituen alderdia da —PPren atzetik—. Laster, segadunak gupidagabe ebakiko dio hauteskunde oinarria. Haren ustezko boto-emaileek —goi mailako ikasketadunak, profesional liberalak eta bizilekua Iruñean dutenak— zalantza egiten dute, beren botoa alderdi erregionalistari edo Ciudadanosekoei eman. Ziurtasunik eza areagotzeko: alderdiaren boto-emaileen laurdenek ez lukete inolako arazorik beren botoa alderdi laranjari edo PPri emateko.
Halako zumeekin, teorikoki, gori-gori egon beharko luke UPNk, baina ez dago barne borroken arrastorik —ez, behintzat, etxetik kanpo—. Nolanahi ere, adi erreparatu beharko zaie Kontseilu Politikorako hauteskundeei. Atezuan jar gaitzakete barrenean gertatzen ari diren mugimenduei begira. Ezin dugu baztertu, ordea, barealdi geldo honen sorburua hau izatea: bai familia erregionalistek alderdia kontrolatzeko taktikak aldatu izana —alderdiko elitea hautatzeko irizpidetzat primarioak hartzeak, esaterako, bestelako arau aldaketa maltzur bat dakar berekin—; bai Batzorde Eragileko zenbait kidek estrategiak aldatu izana karrera politikoa egin nahian, ahalik eta gutxien akituta, eta nor bere aukeraren bila. Gaur ikusiko dugu.
(Erredakzioan itzulia)