Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Berrinfekzioak

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Oraingoz COVID-19aren hainbat gauza ezezagunak diren honetan, azken asteetan agerian jarri da aldez aurretik gaixotu eta sendatu diren pertsonak berriro infekta daitezkeela, eta berrinfekzioak pairatu. Arnasbideko birusek, oro har, sarritan berrinfekzioak sorrarazten dituzte; esate baterako, ohikoa da urtean eta urtero hotzeria bat baino gehiago izatea, askotan birus berberak sorraraziak.

COVID-19an zer dakigu gertaera horri buruz? Nature aldizkarian argitaratu berri den artikulu batean horri buruzko hausnarketa egiten da. Berrinfekzioa benetakoa dela esateko, lehenengo infekzioaren eta bigarren infekzioaren (berrinfekzioa) birusen sekuentziazio genetikoa egin behar da, eta genetikoki ziurtatu birus andui ezberdinak direla, hau da, bien artean aldaketaren bat dagoela, nahiz eta txikia izan.

Klinikari dagokionez, aukera ezberdinak aurreikusten dira egoera bi horietan: hasierako infekzioa eta berrinfekzioa. Lehenengo aukera da hasierako infekzioa sintomaduna izatea, eta berrinfekzioa, klinikoki arinagoa edo asintomatikoa. Kasu honetan, gaixoaren hasierako sistema immunea modu egokiz aktibatu zen (antigorputz eta oroimen zelulak sortuz) eta, horren ondorioz, berrinfekzioa gertatu denean oroimen zelulak berehala aktibatzen dira, ahalik eta arinen birusa kontrolpean izateko.

Beste aukera bat da berrinfekzioan hasierako infekzioan baino sintoma larriagoak izatea. Batzuetan sistema immuneak huts egiten du, eta ez da ondo aktibatzen hasieran, eta, beraz, ez du antigorputz edo oroimen zelula nahikorik sortzen. Horren ondorioz, etorkizunean birusarekin berriro kontaktua izaterakoan, defentsa mekanismo nahikorik ez dagoenez, kalte handia egin dezake gorputzean. Gainera, posible da hasieran sortutako antigorputzak bigarren topaketa horretan birusaren kontra «borrokatu» baino gehiago lankidetzan aritzea, «antigorputzen menpeko indartzea» esaten zaion horretan. Gertaera hori ez da oso ohikoa, baina teorikoki gerta liteke.

Hausnarketa horretan ikertzaileek zehaztu dute birusa gainditu duen paziente batek antigorputzak dituela denbora jakin batean, eta antigorputz horiek infekzio-mailaren, garatutako sintomen larritasunaren eta kutsaduratik igaro den denboraren arabera aldatzen direla.

Beraz, ikerketa-taldeak zehaztu du posible dela gazteek, hasiera batean COVID-19ari hobeto aurre egin diezaioketenek, hilabete batzuk igaro ondoren berriz ere infekzioa pairatzea, eta sendotasun handiagoz, gainera.

Berrinfekzio baten susmoa dagoenean ezinbestekoa da test azkarrak egitea eta birusaren sekuentziazioa egitea. Oraingoz ezezaguna da berrinfektatuek zenbat birus kantitate kanporatzen duten, haiek ere izan daitezkeelako birusaren gordelekuak, eta modu eraginkorrean sakabanatu.

Berrinfekzioen arazoak txertoetan eragina izan dezake, eta gertaera horiei buruz gehiago ikasteak aukera emango lieke ikertzaileei txertoak hobeto garatzeko, azken finean erakutsiko bailuke immunitateari eusteko zein erantzun immune garrantzitsu diren; adibidez, antigorputzen maila jakin bat babesarekin korrelazioan badago, txertoen dosi gehigarrien estrategiak diseina daitezke.

Zorionez, oraingoz berrinfekzioen kasu gutxi atzeman dira, baina galdera ugari daude erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.