Lorea Flores.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN

Berreraikuntza berdea behar dugu

2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Gaur eta bihar, Europako estatuburu nagusiak bilduko dira, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondotik, EBko ekonomia suspertzeko planei buruz eztabaidatzeko. Bizi dugun osasun eta ekonomia krisiak eragindako sufrimenduak eta galerek erakutsi beharko ligukete zeinen garrantzitsua den kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea, pertsona guztiei osasun publikoa eskuratzeko aukera ematea eta gure planeta zaintzea.

Une paregabea dugu gure sistema berrasmatzeko eta mundu osasuntsua, bidezkoa, jasangarria eta baketsua bermatuko duen eredu berri bat eraikitzeko. Bada garaia arauak berridazteko eta kutsatzen dutenak saritzeari uzteko. Karbono gutxiko ekonomia baterako trantsizioa behar dugu, eta irtenbideak jendeari laguntzeko sortu behar dira, ez betiko jendeari laguntzeko: kutsatzen dutenak eta gizarteari etekinik eman gabe eta aberatsak egiten direnak.

Estatuburuek konpromiso argia erakutsi behar dute pertsonekiko eta planetarekiko, eta, horretarako, ezinbertzekoa da indarberritze ekonomikoari buruzko funtsezko hiru baldintza ezartzea: erreskateetarako ingurumen eta gizarte-baldintza sendoak eta enpresentzako negutegi efektuko gasen emisioak murrizteko urteko helburu loteslea; erregai fosilen sektorea diruz lagundutako mailegu publikoetatik eta banku zentralen malgutasun kuantitatiboko programetatik kanpo uztea; negutegi efektuko gas isurketei dagokien helburu europarra emendatzea, isurketak 2030erako %65 murrizteko eta 2040an zero garbia lortzeko 1990. urtearekin alderatuz.

Prozesu hori bera gertatzen ari da Espainian ere, eta datorren astean Kongresuko osoko bilkurak Berreraikuntza Batzordearen ondorioak eztabaidatu eta onartuko ditu. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da, halaber, diru publikoa deskarbonizaziora eta klimaren eta biodibertsitatearen krisiarentzako konponbide jasangarrietara bideratzea. Gainera, horrek balioko du estatu mailan anbizio klimatiko handiagoa onartzeko. Izan ere, Espainiako Gobernuak emisioen %20ko murrizketarekin konformatu nahi du, baina hori ez da nahikoa.

Eztabaida horiek berak daude Euskal Herrian ere, eta, Europan edo Estatuan bezala, klima krisiaren eta biodibertsitate galeraren aurka borrokatzeko anbizioa zein ikuspegi soziala edozein berreraikitze planetan presente egon behar dira. EAEko eta Nafarroako estrategietan emisioak murrizteko ezarritako helburuak ez dira inondik ere nahikoak. Enpresa handiek, hemen ere, etekina ateratzen jarraitzen dute, biztanleriaren zati bat pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorio larriak jasaten ari den bitartean.

Ausartak izateko eta pertsonen eta ingurumenaren alde egiteko garaia da. Hori lor dezakegu, eta horretarako, besteak beste, garraioa eta nekazaritza jasangarria, 2030erako pertsonen esku egongo den eta %100 berriztagarria izango den sistema elektrikoa, gure industrien deskarbonizazioa, turismo jasangarria eta hiri osasungarriak sustatuko dituzten politikak behar ditugu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.