Zurine Rodriguez
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. KONTRAKANPAINA

Bermudetako triangelua

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Kontagailuak zeroan jarri, eta has dadila dantza. Show must go on! Hauteskunde-kanpainan gaude! Zehazki, atzo hasi zen, 00:00etan, eta dagoeneko ikusi ditugu alderdietako militanteak kalejiran, hautagaien aurpegiak Euskal Herri osotik itsasten, ordu txikiak arte. Gaur kosta egingo zitzaien jaikitzea: biharamunerako ona da ibuprofenoa, baita orgasmo on bat ere!

 

A ze nagikeria, Anduezaren aurpegia! Ez, Andueza ez da aurkeztuko! (harridura) Tira, ba, Ortuzarrena. Ezta! (hasperena) Eta Otegi? Ezta ere! (begiak zabal-zabal). Leku guztietan daude-eta! Alderdietako figura garrantzitsuak direlako. Kanpainaurrea zen-eta! Zure hautagaiaren marka eraikitzeko garai ezin hobea da hori, haren irudia indartzekoa, ezaguna ez bada ezagutzera ematekoa eta aspergarria bada karismatiko bihurtzekoa. Laztana, ongi etorri historiako kanpainarik femeninoenera! Girls power!

Kanpainaurrea hautagaiak aurkezteko unea da. Mugidako frikiak kinielak eta apustuak egiten hasten gara, eta karisma edo potentzialitatea dutenak identifikatzen ditugu, baita patata frijituekin jango dituztenak ere (oso lelo arabarra, bide batez). Kanpainaurre honetan, adostasun bakarra egon da: inoiz baino emakume gehiago daude!

Titulua: Gasteizko alkatea emakumea izango da, baita Gipuzkoako diputatu nagusia ere. Mantra horrekin egon gara bi astez, EH Bilduk eta Podemosek mezua zaildu duten arte: emakumea bai, baina feminista! Aurrera goaz, pixkanaka. Duela astebete, indar-erakustalditzat jo dezakegun argazki bat ikusi genuen: Gasteiz, larunbat eguzkitsua, eta Rocio Vitero feminista ugariz inguratuta. Ana Vinals antzeko zerbait egiten saiatu zen Bilbon, baina lau katu ziren. Argazki ahul bat.

Ados. Eta orain, zer? Orain hitz egin dezala Bermudetako triangeluak. Triangeluak? Bai! Bermudetako triangelua oso eremu geografiko misteriotsua da. Diotenez, hara sartzen dena desagertu egiten da, eta triangeluaren indarraz eta protagonismoaz baino ez da hitz egiten. Euskal Bermudetako triangelua Andueza, Otegi eta Ortuzar dira. Hedabideek elkarrizketa nagusietarako deitzen diete, eta haiek hitz egiteko prest agertzen dira beti. Hitz egin, berriro deitu, hitz egin, deitu: gurpil zoro bat sortu da, hautagai izan gabe historiako hauteskunde feminizatuenetako protagonistak bihurtu arte. Polimaitasuna dela diote, baina ez! Bermudetako triangelua da.

Egia esan, kanpaina emakumeena da batez ere. Potentzial handia dago, nahiz eta indarkeria misoginoa jasan behar izan. Agian, Euskal Herriko kanpaina guztiak aintzat hartuta, emakume politikarien belaunaldi indartsuenaren aurrean gaude.

Halere, ez dago politika egiteko modu femeninorik (hori bai mantra aspergarria): emakumeek gidatzen dituzten proiektu antagonikoak ditugu (liberalak/aurrerakoiak, espainiarrak/independentistak, feministak/patriarkalak). Orain, eztabaida ideologikoen, konfrontazioaren eta negoziazio-proposamenen txanda da. Politika gori-gori. Emakumeek eman diezagutela hauteskundeetan saltsa.

Isilik, mesedez, ikuskizun aparta hasi baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.