enekoitz esnaola
ANALISIA

Berdintasunaz

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Harridura eragin zuen Iñigo Urkulluk otsailaren 10ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5erako aurreratu izanak. Ia urte erdi bateko aurrerapena izan zen, alderdi interesak aparte utzita —hots, gehiengo osoaren beharra—, hartarako arrazoi politiko, instituzional, sozial eta ekonomikorik egoteke. Eta harritzekoa izan da asteon iragartzea bozak uztailean nahi dituela, COVID-19a jo eta jo ari baita oraindik. Azken zifra ofizialen arabera, gaitzak herenegun Euskal Herrian 31 lagunen heriotza eragin zuen; horietako hemeretzirena, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAEko osasun larrialdia eta Espainiako Estatuko alarma egoeraren bukaera iragarri gabe daudela jarri die talde politikoei ostegunerako hitzordua Urkulluk, «Osasun Larrialdiko Adierazpena eta hauteskundeetara hiru hilabeteko epean deitzeko aukera aztertzeko»; agintari batengan harrigarria egiten da zuhurtzia ez izate hori.

Martxoaren 16ko bileran erabaki zuten talde politikoek eta Urkulluk bozak atzeratzea, eta lehendakariak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 46. eta Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 51. artikuluen interpretazio bat eginda, hurrengo egunean sinatu zuen apirilaren 5eko hauteskundeetako deialdia indargabetzeko dekretua. Hango pasarte batzuk dira hauek: «Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia globalaren egoera deklaratu du, mundu osoan hedatzen ari den koronabirusa dela eta. Birusaren hedapena nazioartekotu egin da azken asteotan (...) Larriki nahasten du 2020ko apirilaren 5erako deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garapen normala (...) Baldintza hauetan ezinezkoa da, osasun publikoaren ikuspegitik, bermatzea herritarren parte hartzea eta sufragio eskubidearen erabilera libre eta normala». Martxoko kutsadura martxa ikusita, apirilaren 5ean ez zegoen baldintzarik ia 1,8 milioi herritar bozkatzera deituta zeuden mobilizazio bat ospatzeko. Argi geratu zen hanka-sartze bat izan zela Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan herriko bozen lehen itzulia martxoaren 15ean egitea; uda ondoren egingo dute bigarrena, edo datorren urtean berriro biak.

Koronabirusaren gogorraz eta ezjakintasunaz gain, testen, maskaren eta bestelako babes eta prebentzio neurrien aplikazio desordenatua eta desegokia ikusita—espektakulu bat—, nola egongo da hiru hilabete barru osasun egoera? Uztailaren erdialderako hitzordu elektorala jartzeko, maiatzaren erdialdera egin behar da deialdia. Osasun adituek espero dute egoera hobea izatea uztailean, baina ez da horren bermerik.

Hauteskunde batzuetan hautagaitzen parte hartzerako berdintasuna zaintzea ere elementala da, eta, kasuan, uztaileko bozen kanpainaurrean hautagai nagusiak berdintasun egoera berean al leudeke agerraldiak egiteko, eragileekin batzartzeko, kazetariekinelkarrizketak aurrez aurre egiteko eta abarrerako? Gaitza. Konfinamenduan zehar horretarako aukera izaten ari dira gobernuetan daudenak, besteak ez, eta Jaurlaritzan den bat izango da EAJren lehendakarigaia: Urkullu. Konfinamendu ostea ez da izango erabat askea, graduala baizik, eta hor izango du abantaila publiko-politiko bat Urkullu jarduneko lehendakariak. Jarduera mugatua(goa) lukete besteek; berdintasun berbera, ez. Defizit bat. Nahikoa egon zen beste garai latzago batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.