enekoitz esnaola
Udal eta foru hauteskundeak. LERRO ARTEAN

Berdintasunaren partidaren hasiera

2015eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Duela zortzi urteko ekainaren 16a. Alkateak hautatzeko inbestidura saioak. Azpeitian, ustekabeko handia. EAJk udal hauteskundeetan ia gehiengo osoa lortu arren —hamazazpi zinegotzietatik, zortzi—, alkate, ezker abertzaleko kide bat: Iñaki Errazkin, ANVren —sei hautetsi—, EAren —bi— eta Aralarren —bat— arteko itunari esker. Historikoa izan zen, 1979tik beti EAJko bat izan baitzen Azpeitiko alkate.

Eguerdian izan zen udal batzar hura, eta bukatu ostean EAJren Uri Buru Batzarreko zenbait kidek ez ziruditen oso kezkatuta. Izan ere, taberna batean trago bat hartzen ari zirela, haietako batek aipatu zuen alkatetza berriaren aldia «parentesi» bat izango zela, iradokiz EAJ laster izango zela berriro agintean. Egoera politikoa ezegonkorra baitzen. Legez kanporatzeen garaiak ziren eta 2006-2007ko bake prozesua hautsita zegoen; kasurako, ekain haren hasieran bukatu zuen ETAk su-etena. Dena dela, 2008ko abenduan Azpeitian —ezker abertzalearen udal zerrenda legezkoa zen herrietako batean— inork espero ez zuena gertatu zen: ETAk Inaxio Uria enpresaria hil zuen. Errazkinen aurkako zentsura mozioa, eta berriro EAJko bat alkate: Julian Eizmendi. Itxi zen parentesia.

Beste baldintza batzuetan egin ziren 2011ko hauteskundeak. Ezker abertzalearen hautagaitza —Bildu koalizioa— legezkotzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak —eta 2012an, Sortu—. Gainera, berriro bake giroa zegoen —udal eta foru boz haietatik bost hilabetera jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua bukatu zuela—. Kanpainan PSE prest azaldu zen hauteskundeen ondoren Bildurekin hitz egiteko. Dena dela, PPk gogor segitu zuen, eta ETAren biktimen elkarteek kanpainan bertan koalizioaren aurkako manifestazio bat egin zuten Madrilen. Baina bazetozen bozak. «Auzitegiek hitz egin dute; orain herritarren txanda da», esan zuen Rubalcaba Barne ministroak. Bilduren emaitzak, oso onak: lau herrialdeetan 326.189 boto foru bozetan, eta 1.137 udal hautetsi. Handik gutxira: 123 alkate eta, ezker abertzaleak lehen aldiz, Gipuzkoan diputatu nagusia.

Kanpaina honetan, oraindik ezker abertzaleko politikari presoak dauden arren, EH Bildurekiko normaltasun giroa askoz handiagoa da. Hor da, adibide gisa, Esparzak (UPN) Araizekin egindako telebista eztabaida. PPkoak ere badabiltza koalizioarekin jendaurreko saioak-eta egiten.

Bildu Gipuzkoako aldundian egon denez, herrialdean beste alderdiak kanpainan ere nolabait oposizio moduan ari dira. Normala da. Arraro egiten dena da haiek Bilduri leporatzea legealdi honetan «kontsentsu denak hautsi» izana. Ezker abertzale ofiziala legez kanpo eta Batzar Nagusietatik at zegoen garaiko kontsentsuez ari dira, jakina; batzuk, aurreko legealdiaren bukaera-bukaeran gauzatutakoak. Adibidez, hartu errauste planta: 2011ko maiatzeko bozak baino bi hilabete lehenago ipini zuten Zubietako azpiegituraren lehen harria aldundiak eta Donostiako Udalak. Edo Pasaiako kanpoko kaia: lanak egiteko protokoloa boz haien aurreko hilabetean sinatu zuten Madrilekin hemengo erakundeek. Pasaiakoa berez erori da, eta errauste planta, Bilduren foru gobernuak geratu du. Kontsentsu haiez hitz egitean, badirudi batzuk ilegalizazio aroan instituzionalki eroso zeudela.

Orain lau urte, herritarrek demokratikoki hala erabakita, aldaketa handi baten hasiera gertatu zen; batik bat, Gipuzkoan. Orain, ETArik eta legez kanporatzearen mamurik gabeko egoera egonkorrago honetan, 2011ko aldaketa sakonduz ziklo bat has daitekeen edo parentesi hori itxiko den herritarrek eta bozen ondorengo itunek erabakiko dute. Baina hemen, berdintasun aldetik, partida duela lau urte hasi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.